Kasu guztietan, ezaugarri bertsuak agertzen dituzte: aktibitate politikoaren kriminalizazioa; froga penalik ez baina, polizia desberdinen txosten hutsak nahikoa motibo dira epaiketari eusteko eta, kasu gehienetan, zigorrak ezartzeko ere bai. Defentsa juridiko bikaina aurkeztu ondoren ere, sententziak ez dute erreparo handirik agertzen justiziaren aurka eta legeen beraien aurka ere, kartzela eta inhabilitazio zigorrak modu kolektiboan hedatzeko.
Zer dela eta Estatuaren jokabide hau? Eta batez ere, nola geldiaraz daiteke makroprozesuen segida?
Estatu espainiarra aspalditik saiatzen ari da ezker abertzalearen dimentsio politikoa eta alternatibak eskaintzeko ahalmena desegiteko lanean; 1996 urtean Alternatiba Demokratikoa plazaratu zenean, egundoko kanpaina errepresiboa abiatu zuen, Alternatiba bera ezagutzera ematen zuten bideoak, hitzaldiak, koadernoak desagerrarazi nahian. Horren ondorio izan zen, hain zuzen, lehen makroprozesu politikoa, garai hartako HBko mahai nazionalaren aurka egindakoa.
Handik urte gutxitara, 2003an, ezker abertzaleko alderdi eta erakunde politikoen legez kanporatzeak abiatu zituen, bat bestearen atzetik, eta horrela jarraitu izan dute ahal izan duten bitartean.
Baina Zutik Euskal Herria ekimenak eta norabide estrategiko berrituak kolokan jarri zuten jokabide hura. Jokabide zehatza bai (legeztatzeak onartzera behartuta), baina ez beraien kezka nagusia; ezker abertzalearen potentzialitate politiko eta estrategiko berrindartuak, alternatibak eskaintzeko ahalmena . Horrekin amaitzea obsesio bihurtu da Espainiar Estatuko botere faktikoentzat.
Aurreko garaian, “estrategia antiterrorista” deituak eskaintzen zion Estatu espainiarrari estalkia jazarpen politikoan ekin ahal izateko, eta garai berrietan estalki berriak lortu beharrean dago. Bada, horretarako sortu berri ditu hainbat lege, “biktimen babesa” edota “herritarren segurtasuna bermatzea” estalki berri bezala erabiliz. Aitzakia berriak asmatu beharrean da Estatua, lehengoari ekiteko, ezker abertzalearen aldaketarako ahalmena ahuldu eta hondatzen saiatzeko. Baina hortxe du bere ahulezia nagusia: nabarmenegia da une honetan, estalki ahul horien azpitik, bere benetako asmo eta izaera. Euskal Herrian, Katalunian, baita Estatuko beste hainbat toki eta gizarte sektoretan ere, jazarpen politiko maltzurraren aurkako protesta eta mobilizazioa hedatu egiten da. Epaiketa gelan gertatzen ari diren tortura salaketak, batetik, edota Loiolan eta beste hainbat tokitan burutzen diren askeguneak ere kontzientzia berritua hedatzen dute.
Kontzientzia anti-errepresibo horretatik konpromisora, eta alternatiba juridiko, sozial eta politikoak hedatzera jo behar dugu. Epaiketa berriak dei ditzakete, eta hala egingo dute, baina erantzun gero eta zabalagoak antolatzea, herri mugimenduak eta instituzioak elkarlotzea, eta erreibindikazio sektorialetik alternatiba politiko globaletara pausuak ematea ez dago beraien esku, gure esku dago.