Txikiteroen kulturaren babesleak omendu dituzte

uriola.eus 2014ko urr. 8a, 08:30

"Txikiteroen jaiaren alde eginiko lana" aitortzeko, gaur eguerdian La Bolsa eraikinean Los 5 bilbainos taldea, Bizkaiko Ostalaritza Federazioko presidente Boni Garcia eta Bilboko alkate izandako Iñaki Azkuna omendu ditu Txikiteroek Artean elkarteak.

Urriaren 11n, Begoñako Amaren egunean eta Txikitero Egunean, Bizkaiko Jatorri Izendapena duten upategietako ordezkariek mahats-mordaz beteriko saskiak eramango dituzte Zazpikaletara, bertan zanpatu eta ateratako muztioa bilbotarren artean konpartitzeko. Ospakizuna Bizkaiko mahats-bilketaren jai bihurtuko dute.

Urriaren 11n, eguerdian, La Bolsa eraikinean dagoen Begoñako Amaren irudiari ohiko lore eskaintza egingo diote txikiteroek. Abestu ere egingo diote noski, besteak beste, Petisok ez du hutsik egingo eta bere ahots indartsua ozen altxatuko du. Ondoren banatuko dute muztioa txakolingileek eta Begoña tarta -duela 20 urte sortutako pastela- Bizkaiko gozogileek

13:00ean hasiko dira kontzertuak, dozena bat lagun talde arituko dira kantuan, aldi berean, Zazpikaletan, Iturribidetik Barrenkalera eta Unamunotik Plaza Barrira ibiliko dira.

20:00etan, eguneko une bereziena, Salbea abestuko dute Begoñako parrokoak gidaturik. Abesbatzek, txistulariek eta ehunka herritarrek parte hartu ohi dute Amatxu-ren omenaldian. Ekitaldi amaieran, Alde Zaharreko Athletic Peñan, Txikiteroen Artean elkarteak ardoa eta pintxoak banatuko ditu. 3.000 pintxo banatzea aurreikusten du elkarteak.

Astea kantu-kantari

Iluntzero kantuan ibiliko dira kalez kale Alde Zaharrean txikiteroak. Gaur, asteazkena, urriak 8, Ohorezko Txikioak izeneko sariak eman diete Los 5 bilbainos taldeari, Bizkaiko Ostalaritza Federazioko presidente Boni Garciari eta Bilboko alkate izandako Iñaki Azkunari. Sari hauekin aitortu eta eskertu nahi die Txikiteroek Artean elkarteak "Txikiteroen jaiaren alde eginiko lana". 

Zuzi-prozesioa

Begoñako Amaren egunaren bezperan, urriaren 10ean, 18:30ean Santiago katedralean otoitz egin eta gero, zuzirien prozesioak Begoñako basilikara arteko ibilibidea egingo du.