Antonio Altarriba eta Fernando Garcia elkartuko ditu ‘Eztabaidak Literaturarekin’ ekimenak

uriola.eus 2014ko aza. 18a, 08:37

Bi idazleen arteko topaketa gaur, arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegian, eta moderatzailea Felix Linares kazetaria izango da. 

Jende aurreko solasaldien bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzeko helburua duen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren `Eztabaidak literaturarekin´ ekimenak, Fernando Garcia de Cortazar eta Antonio Altarriba idazleen arteko topaketa aurkeztuko du gaur, azaroak 18. Hitzordu horretan, literaturari eta memoria historikoari buruz hitz egingo dute.

Eztabaidak astearteetan izaten dira, hilero, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta espezializatutako kazetari bat aritu ohi da ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa. Topaketa hau, zinean espezializatuta dagoen Felix Linares kazetariak moderatuko du. 

Oraingo honetan, `Eztabaidak Literaturarekin´ ekimenak, historian, eta istoriotxoetan, adituak diren bi pertsona elkartuko ditu, biak ere ekoizpen bibliografiko zabala dutenak, telebistako serieak, aldizkariak… eta baita sari eta aintzatespen garrantzitsuak ere. Literaturari eta memoria historikoari buruz hitz egingo dute. 

Zortzigarren edizioa

2007ko urtarrilean `Eztabaidak Literaturarekin´ egitaraua martxan jarri zenetik, Bidebarrietako liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko elkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marias eta Toti Martinez de Lezea, Maria Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vazquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regas edo Juan Jose Millas eta Pedro Ugarte.

Bidebarrietako kulturgunea, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena helburu nagusi dituen kulturari eskainitako gunea da.