Eskean Kristö taldeak ‘Azote kaldüz’ diskoa aurkeztu du

uriola.eus 2014ko urr. 8a, 15:10

Azkue Fundazioak Eskean Kristö taldearen, 2013ko Banden Lehia lehiaketako irabazlearen, ‘Azote kaldüz’ diskoa aurkeztu du gaur goizean Euskararen Etxean.

Eskean Kristö Azkue Fundazioak antolatzen duen Banden Lehia musika txapelketako aurreko edizioko irabazlea suertatu zen eta jasotako sarietako bat disko bat ekoiztea zen. Gaurkoan, urtebeteko lanaren ondoren, lortutako emaitza ezagutzera eman dituzte. Aurkezpenean Imanol Arrese, Aritz Ontalvilla, Peio Artetxe, Alex Harillo eta Pello Artabe taldekideek ere parte hartu dute.

Agerraldian, Iurdana Acasusok, Azkue Fundazioko zuzendariak aurkezpen labur bat egin eta gero, Ana de Castrok, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, hitza hartu du. De Castroren esanetan, "oso pozik" daude Banden Lehia egitasmoarekin. Argi utzi du ere, horrelako lehiaketek, euskara "modernitatearekin eta gazteekin lotzeko aukera" ematen dutela.

Ondoren, Ritxi Aizpuruk, Baga-Biga diskoetxeko arduradunak azaldu du, Banden Lehian taldeak etorkizunean ibilbidea izango duen edo ez saritzen dela ere, eta Eskean Kristök "ezaugarri hori duelakoan" dago.

Bukatzeko Pello Artabek eta Peio Artetxek hartu dute hitza. Argi utzi dute "lehiaketak taldea motibatu" duela; "indarra eman digu, fuerte gaude, eta pozik ateratako disko berriarekin". Lehiaketa irabazteagatik BBK Liven kontzertua eskaintzeko aukera izan zuten, horren aurrean, "esperientzia berezia" bizi izan zutela argitu dute; "herriko jendea gara eta talde internazionalekin eszenatokia partekatzea sentsazio berezia izan da". Era berean, euskara BBK Live bezalako jaialdi batera eramatea haientza "oso garrantzitsua" dela aitortu digute. Etorkizunera begira, haien esku dagoen guztia egiteko konpromeiso hartu dute taldea aurrera ateratzeko; "estiloa baino kanta onak egitea baita ezinbestekoa".

Gaur aurkeztutako, ‘Azote kaldüz’ diskoa, Baga-Biga diskoetxeak ekoiztu du eta Andoaingo Garate estudioetan grabatu da; nahasketa eta ekoizpena Martxel Arkarazo soinu teknikariaren gidaritzapean egin delarik.