Aurkezpenean, Fernando Perez, Alondegiko kideak; Helena Golab, Dantza Bilakaren koordinatzaile artistikoak eta Imanol Arana, Eusko Jaurlaritzako kultur teknikariak parte hartu dute. Azaldu dutenez, Dantzan Bilaka programa hau, ikus-entzuleei beren lanak erakutsi nahi dizkieten koreografo hasiberriei zuzenduta dago eta bertan parte hartzen duten sortzaileak aukeratzeko, koreografia-ikerketarako dirulaguntza deialdia egiten da urtero. Dirulaguntza emateaz gainera, sorkuntza-prozesuaren jarraipen artistikoa eta teknikoa ere egiten zaie hautagaiei, beren sormen-prozesuetan.
Dantzan Bilaka programak "euskal sortzaileen elkarrizketarako eta gogoetarako topaleku" izan nahi duela azaldu dute, "koreografia-lanak sortzerakoan izaten dituzten kezkak eta zalantzak aztertzeko". Zortzi hilabetean, koreografoek eta partaideek hainbat lan-topaketa egiten dituzte, sortzaileak eta sorkuntza-prozesuaren alde desberdinak aurrez aurre jartzeko. Gauzak horrela, talde-gogoetarako espazio bat sortzea dute helburu, sormen-prozesuetan funtsezkoak diren tresnez eztabaidatzeko, partaide bakoitzaren proiektua garatzen laguntzeko, eta partaideak egile eta sortzaile burujabe bihurtzeko.
Gaurko aurkezpenean aurtengo edizioan parte hartuko duten zenbait koreografo egon dira, besteak beste, Mari Martin, Amparo Badiola, Maria Ibarretxe eta Renate Keerd. Denek emanaldietara gerturatzeko deia luzatu diete herritarrei. Gainera, Ibarretxek, Kerrdek eta David Guerrak performance-a eskaini dute Alondegiko Bastida aretoan.
Dantza Bilaka - Egitaraua
Urriak 10, ostirala, 20:00etan aurrera, Alondegian
- Maria Ibarretxe `Pink flamingos, crazy horses´ (1. solairuan)
- Izaskun Lapaza `Ehundurak´ (1. solairuan)
- Atxarte Lopez de Munain `K - T´ (1. solairuan)
Urriak 12, igandea, 19:00etan, Batza (Gasteiz)
- Amparo Badiola `Amalaba´
- Maria Ibarretxe `Pink flamingos, crazy horses´
- Idurre Azkue `Bailar por bailar´
Urriak 19, igandea, 19:00etan, Gazteszenan (Donostia)
- Ziomara Hormaetxe `Symbiosis´
- Judith Argomaniz `Hooked´
- Maria Martin - Judit Ruiz `… To be continued…´