Osasuna sustatzea xede duen programa hau eguneroko bizimoduan aztura osasungarriagoak izan nahi dituzten bilbotar guztientzat da. Bide batez, jarduera fisikoa sustatuta sedentarismoa saihestea eta harreman sozialak zabaltzea ditu xede Ibiltarien Sarea programak.
Horretarako, ariketa honekin pertsona-taldeak eratzen dira uriko barruti guztietako parke eta berdeguneetan zehar dauden ibilbide atseginetan ibiltzeko. Ibilaldiak astelehenetik barikura, 11:00etatik 13:00etara bitartean burutuko dira.
Ez dago izena eman beharrik. Udalaren webgunean (www.bilbao.net) azaldutako egunean eta orduan dagokion ibilaldia hasiko den lekura joatea nahikoa da.
Osasun eta Kontsumo Sailak jarduera aktiboak eta bideragarriak sustatu gura ditu; urian bizimodu osasungarria sustatzeko jarduera erakargarriak eta bideragarriak, alegia.
Neurriko intentsitatea
Aurreko guztia kontuan hartuta, neurriko intentsitateko ariketa proposatzen da, beste lagun batzuekin batera gozatzeko. Aukeratutako ibilbideetan azpiegitura egokiak daude; hau da: jarlekuak, iturriak, komunak, gimnasia egiteko zirkuitu txikiak eta abar. Ibilaldiak ordu bikoak izango dira. Hasi baino lehen berotze-ariketak egingo dituzte parte-hartzaileek; eta amaitzean luzaketak.
Esperientzia eta prestakuntza egokia duten monitoreek gidatuko dituzte ibilaldiak. Horiek jarduera dinamizatu eta atseginago egingo dute, leku interesgarrien berri emanez. Gainera, oinetakoez, ibilbideez, luzaketez, hidratazioaz eta beste gai askoz informazioa emango dute.
Ahal bada, denboraz, taldeek euren dinamika propioa izatea komenigarria litzateke; hau da, taldeak euren kabuz antolatzea eta uriko barrutietan zehar ibilaldiak prestatzea komenigarria litzateke.