Bakoitzaren jarrera badakigu zein den. Nafarroan, ultraeskuin atzerakoienek aplikatzeko helburu irmoa dute. Aplikatu, eta nola gainera. Euskalfobia sustatu eta ikas-materiala debekatzeraino heldu da. Euskal aurrizkia duen edozerren kontra bortizki oldartzen jarraitzen du.
Baina, zein da ustez “hobea” den EAEko egoera? Hobeto gaude hemen? LOMCE-taz salbu gara? Jaurlaritzak lortu du LOMCE hemen ez aplikatzea? Dugun hezkuntza ereduarekin konforme gaude?
Zalantza asko eta erantzun gutxi. Guztiak laburbildu beharko banitu, erantzun azkarra topatuko nuke: ez.
Badago EAEko hezkuntza eredua txarra ez dela esaten duenik. Txarra hitzak esanahi asko hartu ditzake, noski! Kalitate onargarria omen du, nazioarteko informeetako emaitzak onak omen dira (erabat akademizista eta antipedagogikoak diren informeak badira ere), euskararen nolabaiteko ezagutza bermatzen da, nolabaitekoa, euskal kulturarekiko errespetu minimoa erakusten omen da, mutilak eta neskak klase berdinetan nahastuak daude...
Baina nahiko al da hori? Ez. Inondik inora. Nafarroako egoera txarragoa izateak ez du gure ona denik adierazten! EAEn ere egungo hezkuntzak arrakalaz beteta jarraitzen du: euskalduntzen ez duten hizkuntz ereduekin jarraitzen dugu (izan ere, A, B zein D ereduek ez dute ikaslearen euskalduntze osoa bermatzen); guri ez dagokigun curriculum arrotz bat ikasi behar dugu, eta gainera honen bermerako ebaluazio frogak ez dira gure araberakoak; selektibitatea bezalako azterketa atzerakoi, antipedagogiko eta arrotza egitera behartuak gaude; hezkidetzaren lanketaren gaineko inongo eduki ofizialik ez dugu; heziguneen egoera gero eta txarragoa da aplikatu diren murrizketa basatiengatik; eskola komunitatearen parte hartzea erabat mugatua dugu heziguneen instituzio ofizialetara; pedagogia askatzaileak lantzeko aukerarik ez dugu; hezkuntza proiektuak garatzeko inongo autonomiarik ez dugu...
Finean, ez dugu gure hezkuntzaren jabe izateko eskubiderik. Ezin dugu guk, hemen, gure hezkuntzaren gaineko inongo erabakirik hartu.
Baina Cristina Uriarte buru duen hezkuntza sailak lasaitasuna eskatzen digu. “Gure ikasleak babestuko ditugu” esaten digu. “LOMCEren aplikazioa saiesteko akordioa erdietsi dugu” harrotasunez adierazten du. Gezurra galanta.
Beste behin ere PNVren jokaldia argia da. Aurretik aipatu ditudan hiru aukeretatik egina du bere hautua: asumitzea. Hau da, legea kritikatzea, eskuduntzen exkusa merkea jartzea eta mediatikoki onartzen ez dutela esatea. Izan ere, zertara garamatza ustez madrilekin lortutako akordio horrek? Zalantza gabe euskarak duen egungo 3. mailako trataera betikotzea. Euskalduntzen ez duten ereduen sistemarekin jarraitzea. Horra hor Wert-ek esandako: “Gaztelerarekiko begirunea bermatzen da EAEn, beraz, ez da beharrezkoa LOMCE aplikatzea, dagoenarekin aski dugu”.
Honengatik guztiagatik, argia da gure egitekoa. Hitz potoloa bada ere LOMCE desobeditzea dagokigu. Ez aplikatzea. Gure ikasgeletan egon ez dadin txiribueltak ematea. Berdin dio formulak, helburua LOMCE gure heziguneetan ez egotea da.
Eta horretarako badaude tresnak mahai gainean. Horietako bat hezkuntza eragile nagusiek kaleratutako 'Gure Gida' da. Eskola komunitate osoaren artean landu daitekeen LOMCEren aplikazioa ukatzeko tresna aproposa.
Beste aukera bat, aukera benetan garrantzitsua, larunbat honetan, urriak 11, deituta dauden hezkuntza kalejiretan parte hartzea da. Modu koleretsu baten, gure aldarrikapen propioekin, bakoitzak bere eremuan duen kezka eta kritika plazaratuz... baina denok batera ozen aldarrikatzeko ez dugula LOMCE onartuko eta gainera Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propioa eraikiko dugu esateko.
Hor dago gakoa. LOMCEri aurre egin bai baina ondoren zein bide jarraituko dugun da inportantea. PNV bezala, badago LOMCE ez onartu baina egungo ereduarekin eroso daudenak. Guztia hauei nahikoa dela esateko ordua da. Heldu da behingoagatik hezkuntza komunitatea protagonista izango den euskal hezkuntzaren aldeko herri aktibazio sendoa sortzeko. Nik argi dut, LOMCEri gure hezkuntza sistema eraikiz egingo diogu aurre. Ez dago beste formularik.
Honegatik, dei egin nahi diet hezkuntza eragile guztiei, baina baita euskal herritarrei, larunbat honetan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kalejiretan parte hartu dezaten. Euskal Herria hezkuntzatik eraikiko dugulako, aktibatu gaitezen!