‘Plazan’ diskoa aurkeztuko du Bilboko Txistulari Bandak

uriola.eus 2014ko urr. 13a, 09:00

Kontzertu berezi batekin aurkeztuko du gaur iluntzean Euskalduna jauregian bai disko berria bai udazkeneko kontzertuen denboraldia. Abenduaren 20ra bitartean bandak bost emanaldi eskainiko ditu dohainik.

'Plazan' diskoaren aurkezpenaz, Bilboko Txistulari Bandak hasiera emango dio urriaren 13an, abenduaren 20a arte jatorrizko euskal musikarik onena publikoari hurbilduko dion doako kontzertu-programari, modaz pasatzen ez den txistua ardatz hartuta. Emankizun berezi honekin, Txistulari Bandak abiaraziko du udazkeneko denboraldia Euskalduna Jauregiko A3 aretoan, iluntzeko 8etan. Txistua protagonista duen kontzertu-ziklo zabal eta anitzari hasiera emateko modurik onena.

Gaur egun, Garikoitz Mendizabal (zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia dira bandako taldekideak. Lan-talde honek 2004ko urtarrilean ekin zion ibilbideari, eta urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzekoegindako ahalegina. Azpimarratzekoa da bandak bere ibilbidean baditu disko batzuk kaleratuak: Alos Quartet Harizko Laukotearekin 'Harizko Txistua' izenburua zuena, 'Hala ere' musika-egile ospetsu laguntzaz, hala nola, Kepa Junkera, Pello Ramirez, Joxan Goikoetxea eta Aitor Furundarena besteak beste eta azkenengoa, 'Plazan', aurtengo denboraldiko lehenengo kontzertuan aurkeztutakoa, urriaren 13an.

Erromerietarako doinurik onenez zuzenean eta bizi-bizian gozatzeko aukera egongo da, pasodobleak, polkak, balsak eta fandangoak tarteko direla... eta Arkaitz Pascuas, Nagore de las Cuevas, Cristina Ruiz de Gopegi eta Patxi Laborda bezalako izen handien partaidetzaz.

Udal Txistu Bandaren udazkeneko denboraldia

- Urriak 29, 20:00etan. Bilboko Udal Bandaren kontzertu tradizionala. Euskalduna Jauregiko A3 Aretoa. Sarrera doakoa edukiera bete arte.

- Azaroak 5, asteazkena, 20:00etan. Txistua historian zehar. Bilboko Udal Txistulari Banda. Euskalduna Jauregiko A3 Aretoa. Sarrera doakoa edukiera bete arte.

- Azaroak 17, astelehena, 20:00etan. Bilboko Udal Txistulari Bandaren kontzertua. Euskalduna Jauregiko A3 Aretoa. Sarrera doakoa edukiera bete arte.

- Abenduak 20, larunbata, 20:00etan. Bilboko Udal Txistulari Bandaren gabonetako kontzertua. Gonbidatua: Bilboko Koral Elkartearen Euskeria korua. Euskalduna Jauregiko A1 Aretoa. Sarrera doakoa edukiera bete arte.