Perretxikoak ezagutzeko eta kontsultatzeko zerbitzua zabaldu du Udalak

uriola.eus 2014ko urr. 13a, 12:00

Argazkia: Wikipedia/Michael Maggs

Osasun eta Kontsumo Sailaren egoitzan -Iralan- kontsultatu ahalko da perretxikoak jateko onak diren ala ez. Gerta litezkeen intoxikazioak saihestu nahi ditu Udalak zerbitzu honen bidez. Astelehenetan eta eguaztenetan egongo da zabalik zerbitzua, abenduaren 3ra arte.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak perretxikoak ezagutzeko zerbitzua zabalduko du gaur. Zerbitzu hau Osasun eta Kontsumo Sailean (Ugalde kalea 7, Irala) egongo da zabalik astelehenetan eta eguaztenetan, 09:00etatik 11:00etara bitartean, abenduaren 3ra arte.

Jendeak batzen dituen perretxiko-aleak jatekoak diren ala ez zehazteko da zerbitzu hau. Gerta litezkeen intoxikazioak saihestu nahi ditu Udalak zerbitzu honen bidez.

Gomendioak

Batutako perretxiko-mota bakoitzaren ale bat baino gehiago eroatea gomendatzen du Osasun eta Kontsumo Sailak (hanka osorik dutela aterata eta ebaki barik), beste espezie bateko aleekin nahastu barik. Ahal dela ale haziak eta zindoak (harrik gabekoak) batu behar dira eta komenigarria da batu dituenak berak eroatea, inguruari eta habitatari buruzko zehaztasunak eman ditzan.

Perretxikoak batu eta ahalik arinen egin behar da kontsulta (pare bat egunera asko jota). Perretxikook plastikozko poltsetatik kanpo gorde behar dira, zabal-zabal jarrita eta hozkailuaren beheko aldean, sorki lehor eta garbiaz estalita. Ez dira garbitu ez izoztu behar harik eta zelakoak diren jakin arte, usaina eta kolorea galtzen dutelako. Ez dira ontzi berean gorde behar bestelako perretxikoekin.