Arriaga Antzokia bere aste lirikoenean murgilduta dago. Izan ere, bihar, asteazkenean, urriaren 15ean, Rossiniren L’equivoco Stravagante opera bufoa estreinatuko da, eta ostiralean eta igandean, urriaren 17an eta 19an, ere ikusi ahal izango da. Baina bitartean, lan horren eszenografiaz baliatuta, hain zuzen ere, antzokiko eszenatokiak beste bi ikuskizun jasoko ditu ostegunean 16an eta larunbatean 18an. Ikuskizun horietan ere opera presente egongo da, modu batean edo bestean. Hortaz, bitxikeria artistiko bi horiek L’equivoco Stravagante lanaren inguruan sortu direla esan daiteke.
Lehenengoaren protagonista nagusia Enrique Viana tenorea izango da. Arriaga Antzokira itzuliko da, bere estilo paregabearekin, En tono’s Rossini, gala barregarria, lehertzeko modukoa, ikusgarria, harrigarria eta… lirikoa aurkezteko. Hitzordu hori ostegunean, urriaren 16an, izango da, eta ezinbestekoa da adituentzat, jakin-mina dutenentzat, kultuentzat, andere handientzat eta egiteko hoberik ez duten guztientzat. Beraz, mundu guztia harrituta utziko duen ikuskizun baten aurrean gaude. Musika, pianoa, ahotsa? ditu… eta baita ‘a tono’… egindako zenbait gogoeta ere. Guztia ere konpainia bikainarekin (Enrique Viana tenorea bera eta mantxako piano jotzaile handi Miguel Huertas).
Enrique Vianaz hitz egiten dugunean, mundu osoko eszenatokietan aritu den eta Ros Marba, Lopez Cobos, Ralf Weikert, Debart, Raichev, Angeloff, Delibozov, Palumbo, Ian Cayers edo Christophe Rousset bezalako zuzendari handiekin lan egin duen tenore bikainaz ari gara. Horrez gain, Arriagako ikus-entzuleek asko maite dute. Bertan hainbat ikuskizun eskaini ditu, Tenor vivo y al rojo edo Banalités y Vianalités, bi aipatzearren. Duela denbora gutxi ikus-entzuleak aho zabalik utzi zituen La Corte del faraón eta El dúo de la africana lanetan. Horrez gain, joan den denboraldian Arriaga Antzokiko “Bisita gidatu antzeztuen” euskarri izan zen ikuskizunaren sortzailea ere izan da. Orain, Enrique Viana Bilbora itzuli da, lehertzeko moduko show dibertigarria eskaintzeko, baina ohi duen bezala kalitate maila handiko zigiluarekin.
Txirenitas eta Fellini, 2x1
Bigarren bitxikeria larunbatean, urriaren 18an, gauzatuko da. Egun horretan, Arriaga Antzokia oso elkarlan bereziaren lekuko izango da. Gure panorama eszenikoko kabaret antzerkiko talde azpimarragarrienetako bik, Las Txirenitasek eta Las Fellinik, euren indarrak batu eta OperaAccion Arriaga izeneko lan dibertigarria eskainiko digute. Horrela, bi bider bi berdin bat, baina bat oso handia, hauek osatua: Sol Maguna, Gemma Martínez, Yolanda Martinez, Nenita Danger, Nagore Gore eta Caprichossi.
Ikuskizun horren sinopsiak hau adierazten du: “okupa” bitxi batzuk gure antzokiaren eszenatokian instalatu behar dira, baten batek giltzak Arriagako atean ahaztuta utzi izanaz baliatuta. Entsegu eta atsedenaldi artean, inor ez da hor daudela konturatu. Orain, inbasoreak eszenatokiaz baliatuko dira, eta L’equivoco Stravagante operarako prestatutako eszenografiaren zentimetro bakoitza euren mesedetarako baliatuko dute. Horrela, betelana egiten duen emanaldia sortuko dute, guri barrea eragiteko eta bat-batean, antzerkiaren mundu liluragarria goitik behera aldatzeko. Beraz, OperaAccion Arriaga hurbiltzen ari da.
Sarrerak (ikuskizun bakoitzerako)
7 eta 16 euro bitarteko sarrerak eskuratu daitezke ikuskizun hauetarako. www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian eskuratu daitezke..