Euskal gatazkari lotutako hamar ihesaldi ahalegin liburuan

bertonaldizkaria 2014ko urr. 15a, 10:34

Mundu mailan hainbat espetxe ihesaldik izan duten ospea ikusita, Euskal Herrian gertatu direnei buruz “literatura gutxi” idatzita egoteak harritu du Josu Martinez “beti”. Horregatik, euskal gatazkari lotuta, azken 50 urteetan gertatu diren hamar ihesaldiren kronika idatzi du. Liburu-dendetan Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak izenburuarekin aurki daiteke jada.

Ihesaldi batzuk “aski ezagunak dira, eta ezezagunak beste hainbat. Bukaera zoriontsua dutenak zenbait, eta gaizki ateratakoak beste hainbeste. Bakarka egindakoak edo kanpoko laguntzaz burutuak”, dio Josu Martinez egileak. Denak, hala ere, “ausardiaz eta irudimenez beteak. Modu batean edo bestean, artelanak denak”.

“Betidanik” egin zaizkio “sinpatikoak” ihesaldiak Josuri. “Denok ihes egin nahi izan dugu noizbait lekuren batetatik. Duela gutxi ikusi dudan antzezlan batean esaten zen bezala, ihes egitea nahi duzun tokira joatea da. Denok ihes egin izan dugu, besterik ez bada, ametsetan”.

“Betidanik” kartzelako ihesaldien berri izatean, Josuk “hori liburu bat egiteko modukoa da”, pentsatzen zuen. Henry Charriereren Papillon eleberri autobiografikoa irakurtzean sentitutakoak eman zion bultzadak ere badu zerikusia. Duela hiru urte presoen inguruko filman parte hartu zuen Josuk, Barrura begiratzeko leihoak filman. Dokumentazio prozesuan “istorio gehiago” ezagutu zituen. Aurrerago izan zuen Tene Mujika bekaren berri, eta “zergatik ez zenbait ihesaldi bilduko lituzkeen liburua egin” otu zitzaion, ihesaldi bat kapituluko. Bigarrenean eskuratu zuen beka. Begoñarrak iaz eskuratu zuen Tene Mujika saria 'Presoaren betebeharra' saiakerarekin. Bertan, azken mende erdian euskal presoek egindako hamar ihesaldi eta ihesaldi saiakera bildu zituen. Orain, urtebetera, liburu formatuan kaleratu du Elkar argitaletxeak, Lekukoak bildumaren baitan.

Ez da izan Josuren asmoa gaiari buruzko ikerketa orokor bat egitea. “Lan honen helburua ez zen gertatutako guztia biltzea, ez eta objektibitate historikoz egindako tratatu bat osatzea ere”. Hala, bistan denez, istorio asko falta dira. “Gehienak”, Martinezen hitzetan. “Ez dadila inor haserretu horregatik”.

Ihesaldietako protagonista edota laguntzaileak izan ditu informazio-iturri kasurik gehienetan. Segoviago ihesaldia, esaterako, protagonista katalanetako batek kontatu dio Josuri. Martutenekoa, Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabeak egindakoa, Mikel Antzaren laguntzearekin idatzi du. Hain zuzen ere, epilogoa idazle iurretarrak idatzi du, Filosofia apur bat ihesen inguruan.

Curriculuma

Josu Martinez (Bilbo, 1986). Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Kultur Antropologian lizentziatua, Gure Sor Lekua euskarazko lehenengo pelikulari buruzko doktore-tesia egiten dabil. Honako film hauen zuzendari izan da, bakarka edo beste batzueekin: Itsasoaren alaba (2009), Sagarren denbora (2010), Prohibido recordar (2010), Barrura begiratzeko leihoak (2012). Hitzezko txalupak liburua idatzi zuen (Elkar, 2012), Alfonso Etxegarairekin batera.

Izenburua:Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak

Egilea: Josu Martinez

Argitaletxea: Elkar, 2014 – Lekukoak bilduma

ISBN: 978-84-9027-242-8

EAN: 9788490272428