Zer abestu behar dute gure haurrek biharko ikastoletan?

Erabiltzailearen aurpegia Haritz "Txipi" 2014ko urr. 15a, 12:00

Musika talde berri edo hain ezagunak ez direnek ez dute komunikabide gehienetako kultura orrietan lekurik, gune herrikoitzat ditugunetan antolatzen diren kontzertuetan edo bozgoragailuetatik entzuten den musikan ezta.

Errelebo naturala izan beharko lukeena, baldintza hauetan ematea zaila da euskal taldeentzat, haien sorkuntza plazaratu beharrean, atzerriko musikatik heldutako hit-ei arreta soilik jartzen diegunean edota aspalditik bertoko talde berdinen kantuei soilik erreparatzen diegunean.

Udako jaiak amaitzear diren honetan, aurretik ezagutzen ez zenituen zenbat euskal talde entzun edo zuzenean ikusteko aukera izan duzu? Ba al dakizu soilik aurten zenbat euskal talde berrik plazaratu duten diskoa?

Batzutan musikazaleen ardura ere bada, ezagutzen ez dugun talde baten kontzertura joatea gehiago kostatzen zaigulako… baina zer nolako poztasuna ematen duen talde berri baten lana deskubritzeak eta hortik aurrera CD bildumara zein ikusteko kontzertuen zerrendara gehitzeak!

Sarri gertatu da talentu handiko taldeak haien lokaleko lau pareten artean hiltzea ikus-entzuleari haietaz disfrutatzeko aukerarik eman gabe. Azken finean talde berri bat kaleratzen denean, gure kulturari egiten dio mesederik handiena, eta ateak ixten zaizkienean gure kultura da kaltetuen. Lagun baten hitzak nireganatuz, “kulturalki kolonizatu gaituzte eta ez gara ohartu”. Kultura herrikoi baten aldeko apostua serioa bada, pasa gaitezen hitzetatik ekintzetara. Zer abestu behar dute gure haurrek biharko ikastoletan?