Zer irakatsiko duzue ikastaroan?
Bertsolarien ikuspegia zein den ezagutuko dugu batez ere. Saioak bukatu eta gero, ona izaten da gai-jartzailearen eta bertsolarien arteko elkarrizketatxoa, ikusteko nola joan den bertso-saioa, baina batzuetan hori ez da erraza. Ikastaro honetan aurrez aurre izango ditugu bertsolariak, Amets Arzalluz, Unai Iturriaga eta abar. Gainera, saioen egitura nola egin ikasiko dugu, benetako saio bat ere prestatuko dugu, hainbat gauza egingo ditugu.
Idazleak ere gonbidatuko dituzue, zergatik?
Gure esparrua zabaldu nahi dugu, bertso mundutik irten. Besteen sorkuntza prozesua nolakoa den ezagutuko dugu eta nola sortzen den bakoitzaren estiloa azalduko digute Arkaitz Cano eta Eider Rodriguezek. Iñigo Aranbarri ere izango dugu, berak dio hitzak ez direla neutroak, aukeratzen dugun hitz bakoitzak baduela esanahi bat, jatorri bat eta helburu bat. Bestetik, antzerki munduko norbait ere gonbidatu nahi dugu, gai-jartzaileak jendaurrean behar duen patxada nola lortu erakusteko.
Zergatik antolatu duzue honelako ikastaro bat?
Bertsolarien teknika eta ideietan asko sakondu da azkenengo urteotan eta ikusi dugu batzuetan gai-jartzaileoi kosta egiten zaigula publikoaren eta bertsolariaren exijentzia mailara iristea. Kezka horretatik sortu dugu ikastaroa, gai-jartzaile ari direnei pista batzuk eman nahi dizkiegu, beren lana hobetzeko eta beren lanari prestigioa emateko.
Nori zuzendua da ikastaroa?
Denei zabalik dago ikastaroa, baina batez ere, orain ari direnei begira prestatu dugu. Agian urtean saio bat edo bi egiten dituenari edo dozena erdi saio. Baina denok daukagu zerbait ikasteko eta gehiago aritzen garenontzat ere interesgarria izango da.
Bertso-saio batean, norainokoa da gai-jartzailearen garrantzia?
Gai-jartzailea, izatez, bigarren mailako aktorea da. Baina badu garrantzia bere lanak, nekez aterako da saio on bat, gai-jartzaileak lana ondo egiten ez badu. Gai-jartzailearen edozein aukeraketa (gaietan, egituran zein jarreran) erabakiorra da saioaren azken emaitzan.
Zu zeu gai-jartzaile ibili zara aspalditik. Nolako ezaugarriak izan behar ditu gai-jartzaile on batek?
Bakoitzak bere estiloa dauka, baina beti egon behar du inguruari adi eta saioaren egitura txukuna egin behar du, bertsolarien lana orekatua izan dadin saiatu behar da.
Uste duzu zaleak nahikoa baloratzen duela zuen lana?
Nire ustez, gero eta gehiago. Gero eta exijentzia handiagoa dago baina noizean behin, saio baten ondoren, norbait hurbiltzen zaizu zorionak emateko eta hori polita da. Publikoa anitza izaten da eta ez da erraza denen gustuko zerbait ematea.
Zuri zer eman dizu gai-jartzaile lanak?
Lehenik eta behin, lagun giro zoragarria, bertsolariak ezagutu ahal izatea, oso jende interesgarria dira. Saio biribil bat irteten denean, sari ordainezina da ikustea mikro batzuekin, hitz hutsez eta euskaraz, publikoa asetu duzula eta txaloak jaso dituzula.