Hiriko hamabi galeria, museo eta arte areto elkartu egin dira eta denboraldi honetarako erakusketak modu bateratuan aurkeztuko dituzte, nazioarteko, estatuko eta EAEko hogei artista baino gehiagoren lanekin osatutakoak, tartean nabarmendu beharreko Eduardo Chillida, Ramon de Zubiaurre, Francisco Durrio, Agustin Ibarrola, Zaloa Ipiña, Esther Mahlangu, Seynl Awa Camara, Asuncion Goikoetxea, Ixone Sadaba, Gonzalo Sicre, Mariemi Otaola, Andre Btoy, Daniel Muñoz, Sixe Paredes, SpY, Suso33, Gema Intxausti eta Elena Ciordia artisten lanekin.
Ekitaldi honek belaunaldi berriak artearen mundura erakartzea, bildumazaletasuna piztea eta kultura zirkuitu bat indartzea, hirian sormen erreferente bat izan dadin nahi du. Horretarako, artea intentsitate handiz bizitzeko pentsatutako jarduera egitarau bete-beteaz garatu da. Bilboko galeriek ateak zabalduko dituzte ohiko bezero eta komisarioentzat ez ezik, baita artean interesatuta dauden pertsonentzat ere.
Galerietara bisita gidatuak
Programan hiriko galeriak bisitatzeko lau ibilbide gidatu ere eskainiko dira, doakoak, Alhóndiga Bilbaon, Zabalguneko eraikinean, Rekalde Aretoan eta Erriberako Merkatuan geldialdiak eginez; urriaren 17 eta 18an izango dira, ordutegiak ibilbide guztietan parte hartzea ahalbidetuko du eta aldez aurretik izena eman beharko da promocionempresarial@bilbaoekintza.bilbao.net helbidean. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak, bestalde, hiru ibilbide antolatu ditu Itsasadarraren historia zubien bitartez ezagutzeko, Kale Nagusia deskubritzeko, hiriaren lehenengo Zabalgunea ezagutzeko eta, azkenik, Indautxu auzoan murgiltzeko. Toki bat erreserbatzeko telefono zenbaki honetara deitu behar da: 94 424 44 74.
Artistekin elkartzeko topaketak
Agustin Ibarrola, Zaloa Ipiña, Gonzalo Sicre, Mariemi Otaola, Asunción Goikoetxea, Elena Ciorda, Gema Intxausti, Ixone Sadaba, Mabi Revuelta, Txuspo Poyo eta Mario Gaztelu bezalako artistak galerietan izango dira, haien obrak ikustera bertaratutako ikusleei zuzenean erantzuteko. Zalantza izpirik gabe, irakasle onenen eskutik kulturara gerturatzeko aukera paregabea da. Horrez gain, gitarra, harpa eta flauta kontzertuak eta soprano emanaldiak izango dira hainbat galeriatan, eta larunbatean, hilak 17, Juan Ajuriaguerra kaleko zirkulazioa eten egingo da, Heros eta Errekalde zumarkalearen artean, José Luis Canalen jazz hirukotearen eta María Rivero eta David Nanclares dueto akustikoaren emanaldiak eskaintzeko.
Ekintza gehiago
Hiriko galeriez gain beste entitate batzuek ere parte hartuko dute; Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateak (EHU), esaterako, ikasleen zenbait obra ikusgai jarriko ditu Foru Jauregi aurrean instalatutako kontainer batean; Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak, berriz, Karrera Amaierako proiektuak aurkeztuko ditu bere egoitzan, eta Bizkaiko Abokatuen Bazkunak, ostera, Suitzan bizi den Jose Garran euskal artistaren azken lanen bilduma bat partekatuko du bere instalazioetan (Uribitarteko erranplak 3).
Zuk bai artea! gida
Bilboko galeriatan udazkeneko denboraldia elkarrekin inauguratzearen haritik, antolatutako jarduera guztiei buruzko informazio oro Zuk bai artea! gidan jaso da; euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da. Argitalpen horren 15.000 ale baino gehiago banatuko dira ekimenean inplikatutako arte espazioetan, galerietan, museoetan, turismo bulegoetan eta hoteletan. Gidak, halaber, udazkeneko erakusketei buruzko informazio eguneratua ere badu Guggenheim Bilbao Museoa, Arte Ederren Museo, Alhóndiga Bilbao, Rekalde Aretoa, Ondare Aretoa, Argazkigintza Garaikideko Zentroa, Bilbao Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdiari dagokienez. Benetako arte zirkuitua Bilbon. Pertsona interesdunek webgunea ere kontsultatu ahalko dute: www.bilbaoartdistrict.com