Azken hiru hamarkadetan, Bilbok pixkanaka populazioa galdu du, eta, horrez gain, bertan bizi den populazioa zahartu egin da modu progresiboan. Jakina da populazioa zahartzeko fenomeno horren faktore erabakigarriak 1970eko hamarkadaren amaieran jaiotze tasak nabarmen behera egin izana eta hilkortasun tasak ere behera egin izana direla; azken kasu horretan, hilkortasun tasak behera egin izanak lotura du adin nagusi eta helduetan luzeago bizirautearekin.
Halaber, mende honetako lehenengo hamarkadaren amaiera arte migrazio saldo positiboak hazkunde natural negatiboa konpentsatzea lortu du, hau da, zendutakoen kopurua handiagoa izatea, jaiotakoena baino.
Hala, herritarrek zein politika eta gizarte kudeatzaileek ulertzen dute populazio egituraren bilakaera horiek eragina izango dutela gizartearen etorkizuneko garapenean eta ondasun eta zerbitzu publiko zein pribatuen eskaeretan eta transferentzietan.
Abiapuntu horretatik, eta etorkizuneko populazio egiturari forma emango dioten demografia dinamikak ezagutzeko beste aurrerapauso bat emateko, Bilboko Udalak Bilboko eta bertako barrutietako populazioaren estimazioen azterlana prestatzeko eskaera egin zuen, epe labur zein ertaineko estimazioak, hain justu ere.
Populazioaren estimazioei lotutako ziurgabetasun maila kontuan izanda, betiere, eta ziurgabetasun hori are handiagoa izanik, gainera, zalantzazko ingurune ekonomiko batek baldintzatzen duenean, proiekzioek informazio erabakigarria eskainiko dute hainbat arlotan erabakiak hartzeko, hala nola, gizarte zerbitzuen arloan, hiri plangintzan, garraioan, mugikortasunean edota enplegu politiketan.
Ondorioa: Gutxiago izango gara
2030. urtean, proiektatu den aldia bukatutakoan, Bilbok 322.360 biztanle izango ditu; horrek esan nahi du 2013. urtetik 27.509 hiritar galduko dituela, alegia %7,9.
Populazioaren beherakada garrantzitsuagoa izango da 2015 eta 2020 artean, urteko %0,8-%0,9 erritmora egingo baitu behera. 2020ko hamarkadaren amaieran nolabaiteko egonkortasuna lortuko da.
Aurreikuspenen arabera, populazioaren beherakada portzentuala handiagoa izango da Bilbon Bizkaian baino. Izan ere, 2013-2016 artean hiriaren populazioak %7,7 egingo du behera, eta lurraldekoak, berriz, %5,6.
2030. urterako, soilik Ibaiondo barrutiko populazioak egingo du gora, hain zuzen ere %2,4 (1.505 pertsona).
Lau barrutitan populazioaren beherakada % 10 baino gehiagoko izango da: Otxarkoaga-Txurdinagan, Uribarrin, Begoñan eta Deustun.
Ehunekoei dagokienez, beherakada handiena Otxarkoaga-Txurdinagan gertatuko da, %12,6 galduko baitu (3.426 pertsona).
Datu absolutuetan, Deustuk galduko du kopuru handiena: 5.358 hiritar (%10,8).
Ondorioa: Eta zaharragoak izango gara
2030. urtean, 65 urtetik gorakoak izango dira Bilbon biziko diren ehun pertsonatik 29. 2030. urtean, 65 urtetik gorako populazioak %18,9 egingo du gora, eta 85 urtetik gorakoena, berriz, % 37,6. Eta barruti guztietan egingo du gora. 65 urtetik gorakoen kasuan, Otxarkoaga-Txurdinagan % 53,9 gehiago izango dira eta populazio gainzahartua Begoñako barrutian haziko da gehien, 2013. urtearekin alderatuta ia bikoiztu egingo baita.
Beraz, tarteko adineko hiritar eta gazte gutxiago izango dira. 65 urtetik beherako populazioak 42.672 pertsonatan egingo du behera, eta bereziki 30 eta 49 urte arteko 32.400 pertsona gutxiago egongo dira; tarte horretako hiritar kopuruari dagokionez, Bilboko ehun biztanletik 31 izatetik proiektatutako aldiaren amaieran 23 izatera igaroko da.
30 eta 49 urte arteko populazioa galtzeko lehendabiziko postuetan Otxarkoaga-Txurdinaga eta Begoña izango dira, baita 0 eta 4 urte arteko populazioari dagokionez ere.
Ondorioz, adin aktiboan izango den populazioaren ordezpen tasa txikiagoa izango da. Lan merkatuan sartzeko adinean dauden pertsona kopurua gero eta txikiagoa izango da, lan merkatua uzten duten pertsonekin alderatuta.
Izan ere, 2001. urtean lan jarduna uzteko adinean (60 eta 64 urte artean) zeuden 100 pertsonatik, 130 pertsona zeuden lanean hasteko adinean (20 eta 24 pertsona artean); bada, 2013an zifra hori 74ra jaitsi zen, eta proiekzioaren arabera 2022. urtean 54ra jaitsiko da.
Populazioak zergatik izango duen horrelako bilakaera?
• Migrazio saldo negatiboari gehitu beharko zaio jaiotza baino heriotza kopuru handiagoa izango dela. 2025. urtean 2008an baino 948 jaiotza gutxiago izango dira.
• Migrazio saldoak eragina izango du populazioaren beherakadan, negatiboa izango delako eta hazkunde naturala (hori ere negatiboa) konpentsatzeari utziko dio.
• Proiekzioaren ia amaieran, 2028. urtean, migrazio saldo positiboa berreskuratzeak hazkunde natural negatiboak eragindako populazio galera konpentsatuko du berriz ere.
Bilbo, 2030. Bilbo hirirako eta barrutietarako demografia proiekzioak