Gaurtik aurrera, FIG Bilbao azokaren eskutik, Bizkaiko hiriburua grabatuen munduko eta paper gaineko lanetako gunea izango da, egitarau zainduari esker. Egutegi artistikoko lehenengo ekitaldia Mimmo Paladino artista italiar ezagunaren atzera begirakoa izango da, eta Arte Ederren Museoan egongo da ikusgai. Azken ekitaldia, ordea, FIG Bilbao azoka izango da, eta Euskalduna Jauregian egingo da, azaroaren 20tik 23ra. Paper zahar, moderno eta garaikidearen gaineko artearen ordezkariak diren 30etik gora galeria europarrek jarriko dituzte ikusgai euren bildumak, eta, beraz, Arku Atlantikorako erreferentziako arte-azoka izango da FIG Bilbao.
Euskadiko eta Italiako proiektu kulturala da, Sardiniako eskualdearen bidez jarri da abian eta Casa Falconieri prestakuntzarako nahiz saiakuntzarako zentro ospetsuak eta Arthazi Fundazioak bultzatu dute. Bestetik, euskal instituzioen, hainbat erakunde kultural publiko zein pribaturen eta enpresa ospetsu askoren babesa dauka, eta arte ederren sektoreko ekitaldi estrategikoa da, sustapenerako eragin handia baitu industrian nahiz kulturaren sorreran.
`Grabatuak´, Mimmo Paladinoren atzera begirako osoena
FIG Bilbao azokak Mimmo Paladinoren `Grabatuak´ erakusketa aurkeztuko du Bilboko Arte Ederren Museoaren laguntzaz; izan ere, museoa jaialdi honetako erakusketa izarren egoitza da 2012. urteaz geroztik. Bizkaiko hiribururako modu esklusiboan sortutako atzera begirakoari esker, bisitariek artista italiar ospetsuaren lanak ezagutu ahal izango dituzte, haren lan grafikoen bitartez.
Hain zuzen ere, aukera bakarra izango da, nazioartean oso ezagunak eta Italiako abangoardiaz haraindiko mugimenduko erreferenteak diren artistetako baten lanez gozatzeko. Bere bilakaera sortzailean (abstrakzioaren eta figurazioaren, ikonografia garaikidearen eta mitologikoaren eta berrikuntzaren eta tradizioaren artean garatzen da), argi eta garbi ezagutzen den berezko estiloari eutsi dio beti. Bere jardueran, marrazkia, pintura, grabatua eta eskultura lantzen ditu.
Bilbon, zenbait gairi buruzko berrehundik gora estanpa egongo dira ikusgai, eta jaialdirako modu berezian sortutako bi lan ere egongo dira euren artean.
FIG 2014 azoka, berritasun handiak
Azaroaren 20tik 23ra, FIG Bilbao azoka, Grabatuen eta Paper Zahar, Moderno eta Garaikidearen gaineko Artearen Azoka, egingo da Euskalduna Jauregian, “Zeure papera aurkitu artean. Bilduma egin, gozatu eta inbertitu” lelopean.
Proiektua sendotu egin denez eta bisitariek zein erakusketariek gero eta interes handiagoa dutenez, beste leku batean antolatu behar izan da azoka, eremu zabalagoak eskaintzeko, merkataritzako eskaintza areagotzeko eta lan grafiko klasiko zein garaikideko nazioarteko maisulanak ikusgai jartzeko.
Alde horretatik, FIG Bilbao azokan, arte-galeria, argitaratzaile zein tailerrentzat atondutako eremuak bateratuko dira, museo nahiz erakunde kulturaletako paper gaineko lanak erakusteko beste pabiloi batzuekin. Edizio honetan, Europako lan grafiko originalen eta paper zahar zein modernoaren gaineko artearen 30etik gora galeria eta argitaratzailek parte hartuko dute.
Besteak beste, Portugalgo Serigrafia Zentroa (Lisboa), Arte y Grafía (Madril), Astarloa Antzinako Liburuen Denda (Bilbo), Modenako Tailerra, Mimmo Paladino, Urbana Gallery (Bristol), Kunst in het GeuzenhuisKunst (Belgika), Windsor (Bilbo), Vanguardia (Bilbo)... Galerien eskaintza ez ezik, instituzio eta erakunde kulturaletako erakustokiak ere egongo dira. Aurten, Italiako Pabiloiak Italiako CECA eta Laboratorio d’Arte Grafica di Modenako zentroa aurkeztuko ditu. Edizio honetako ohorezko artistak, Mimmo Paladinok, gainera, 20 urte baino gehiago daramatza aipatutako azken tailer horrekin lan egiten.
`Bildumagintza Foroaren´ lehenengo edizioa
Rosina Gomez Baeza eta Lucia Ybarra komisarioen zuzendaritzapean, azaroaren 21an `Bildumagintzaren papera´ foroa garatuko da Euskalduna Jauregian, FIG Bilbao azokak bultzatutako Grabatuen eta Paper Gaineko Artearen Azokako egitarauaren barruan. Sei bildumagile nabarik espezialitateko zenbait gairi buruz hitz egingo dute: lanen artapena, erakusketa, azterketa eta zabalkundea, besteak beste.
Arte Ederretako ikasleak eta talentu berriak
Ikerketa eta saiakuntza FIG Bilbao proiektu kulturalaren berezko osagaiak dira, ikerketa artistiko garaikideko lankidetzarako ideia berriak sortu nahi ditu-eta. Alde horretatik, museo, unibertsitate eta arte ederretako akademietarako erreferentzia-gunea da jaialdia, artea egiteko modu berriak eskaintzen baititu belaunaldi berrien artean, batez ere, mugimendu berritzailea sortu ahal izateko.
Hori guztia kontuan hartuta, `Tentazioen papera´ lehiaketa antolatu da. Bertan, hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Baionako Arte Ederren Eskolak hautatutako hamar artistak Euskalduna Jauregiaren barruan kokatutako lau metro koadroko hamar kubotan esku hartuko dute.
FIG 2014ko Nazioarteko Saria
FIG Bilbao azokako Grabatuen Saria zenbait sari banatzen dituen urteko ekitalditik edo erakusketen arloko hitzordu adierazgarritik haratago doa.
2012an sortu zenetik, urteko hitzordu moduan sendotu da, eta hainbat artista grafiko erakartzen ditu; horien artean, belaunaldi berrietako balio gazteak daude.
18.000 euroko eta bi ikerketa-bekako saria diziplina honetan ematen den garrantzitsuena da. Lehiaketa honek grabatu garaikideak sustatzea eta garapen-bidean dauden artistentzako plataforma izatea dauka helburu.
Grabatu eta fotograbatuen tailerrak, hazi artistiko berria
Bilboko Grabatu Jaialdiak bultzatutako tailerrak honako erakunde kultural hauetan garatuko dira: Bilbao Arte Zentroan.