Bilboko Udal Liburutegi Sareak zenbait jarduera berezi antolatu ditu gaur, urriak 24, ospatuko den Liburutegien Nazioarteko Eguna dela eta. Jardunaldi honek bi helburu ditu: alde batetik, herritar guztiei jakinaraztea badagoela ezagupena eta informazioa eskuratzea era eraginkorrean errazten laguntzen duen hurbileko zerbitzu publikoa eta, beste alde batetik, zerbitzu horren erabilera sustatzea.
Bidebarrietako liburutegiak, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaia idazleek irakurle gisa izan duten esperientziari buruzko solasaldia jasoko du arratsaldeko 19:30etatik aurrera, euskaraz (bat-bateko itzulpena egongo da gaztelaniara). Idazleek euren liburutegiei, euren bizitzan alboan izan dituzten liburuei eta liburutegien erabiltzaile gisa izan dituzten esperientziei buruz hitz egingo dute; hau da, liburutegia bizi espazio gisa, nortasunaren isla gisa, azalduko dute.
Bidebarrietan, baita ere, `80ko hamarkada. Euskal rock-aren eztanda´ erakusketa aurkeztuko da, Eguneroko Bizimodua sekzioaren barruan. Duela hiru hamarkada euskal rockaren historiako disko ezagunenetakoak argitaratu zirela ospatuz, maileguan hartu ahal izango diren ehun bat CD eta DVD, liburu eta aldizkari bildu dira. Erakusketa abenduaren 31ra arte egongo da zabalik.
Amaitzeko, Begoñako Liburutegian, `Liburuzaina estu eta larri´ txotxongilo ikuskizuna eskainiko dute arratsaldeko 18:00etatik aurrera; `El secuestro de la bibliotecaria´ liburuaren euskarazko moldaketa.