“Inolako zentzurik gabe buruz ikastea alde batera utzi eta edukiak ulertzea dugu helburu”

uriola.eus 2014ko urr. 23a, 10:08

Begoñazpi Ikastolak, Harvarden laguntzaz, betiko azterketak alde batera utzi eta ulermena hobetzen duen irakasteko era hedatzeko prozesua bukatuko du. Harvard Unibertsitateko aditu talde bat haiek sortutako Ulermenerako Irakaskuntza- Teaching for Understanding deritzon metodo berritzaile honen azken fasea gainbegiratzeko, azaroan Bilboko Ikastola honetan izango da.

Ikasleek ez dute betiko azterketarik egingo. Horren ordez, ebaluazioak, ikasturtean zehar garatutako proiektuen bidez ezezik, beharrizanen arabera sortutako atazen bidez ere, ikasleen ulermen maila eta hainbat arlotako gaitasunak (matematikoa, lingüistikoa,zientifikoa eta teknologikoa edota digitala) neurtuko ditu.  “Ebaluazio prozesua, hobekuntza prozesua ikusi nahi dugunez, eskola-jarduera hasteaz batera hasiko da” azaldu du Lehen Hezkuntzako metodología arduraduna den eta Harvardeko adituekin zuzenean lan egiten duen Sergio Fernandezek.

Ildo horretatik eta ulertzeko gaitasun hori sakontzearren, behaketa, iritzi, iradokizunen… bidez, ikasleak dira ezagutzak erakutsi eta frogatzen dituztenak. “Inolako zentzurik gabe buruz ikastea alde batera utzi eta edukiak ulertzea dugu helburu” dio Sergio Fernandezek.

Sistema berritzaile hau, Lehen Hezkuntza osoan hedatu dugu. Ikasgaiak zenbat eta gazteagotan orduan eta hobeto ulertu behar direnez, Haur Hezkuntzan ere dagoeneko hasiak gara Harvardeko hezkuntza metodologia hau jorratzen. Sergio Fernandezek dioenez, garai honetan ikasleek ikasketen oinarriak jarri eta edukiak sendotu behar dituzte.

Begoñazpi Ikastolako zuzendaria den Nerea Begoñak hauxe azpimarratu du: “Ulermenerako Irakaskuntza” ereduak, ikasleek gelan parte-hartzea ezezik, lana antolatzea ere izango du xede. Beraz, honek betiko irakaste ereduak baztertu egingo ditu. Dena dela, ikasleek dituzten aurretiazko ezagutzetatik abiaturik eta jakin-min eta zalantzak aintzat harturik, ezagutzak hobetzeko hezkuntza-jardueretan sartuko ditu”.

Metodologia

Eredu pedagogikoak, ohiko hainbat ikasgai bateratuz, orokorrak diren gaiak edo mintzagaiak izango ditu oinarri. Prozesuan, ikusteko pedagogia tresnak, multimedia, lan kooperatiboa, adimen anizkoitzak, pentsatzeko abileziak eta errutina baliabideak kontuan izanik, ikasleak egingo duen hausnarketa eta gogoeta prozesua izango dugu ardatz. “Haratago goaz; ikasleak kontzeptu bati buruzko hausnartzera egin beharko du, bere buruari zer adierazten dion galdetu beharo dio, eguneroko bizitzan nola erabiliko lukeen pentsaraziko dio”azaldu digu  Sergio Fernandezek. Azken baten, ikasgaiak zer esan nahi duen eta zertarako behar eta erabiliko duten ulertuko dutenez, ikasleak ezagutzan murgilduta egongo dira.       

Honek guztiak, irakasgai guztietan zeharka landuz, ikasleen sormena sustatu eta motibazioa handitzea lortuko du. Ikastolako zuzendariak hauxe dio: “ Ikasleak pozaren pozez etortzen dira Ikastolara, irakasgaiak hobeto ulertzen dituzte, horrela ikasketa prozesua hobetzen dutelarik. Gurasoek ere, seme-alabek etxera joan eta Ikastolan landu eta ikasirikoa azaltzen dietela diote”.

Txurdinaga auzoan dagoen Bilboko Ikastola hau, orain dela hiru ikasturte hasi zen teknika honen inguruan Harvard Unibertsitatearekin lanean. Metodologia hau “Project Zero” ikerketa pedagogikoan oinarriturik dago. Hau guztia, hezkuntza, irakaskuntza, pentsamendua, arteekiko sormena, humanistiko zein zientifiko- diziplina ulertzeko eta hobetzeko asmoz garatu zen Amerikako Unibertsitate honetan.

Metodologia  hau ezartzeko ideia, Elizbarrutikoa den Begoñazpi Ikastolako irakasle talde batek “Project Zero” proiektuan parte hartu zuenean azaldu zen. Ikastolako irakasle batzuk Harvarden izandako esperientzia, beti ere estatubatuarren laguntza izanda, 1.600 ikasletik gora duen Ikastolako geletan zuzenean ezarri nahi izan zuten. Irakas-sistema hau behin ezarrrik, Estatu Batuetako Harvard Unibertsitate handiak aholkularitza lanetan jarraituko du.