Gardoki enpresari eta diplomatiko bilbotarraren liburua

uriola.eus 2014ko urr. 23a, 15:38

Argazkia: Bilbao 700 Fundazioa

AEBetan lehen enbaxadorea izan zen Diego Maria Gardoki enpresari eta diplomatiko bilbotarraren oroimenez liburu bat argitaratu du Bilbao 700 – III Millenium Fundazioak ‘Bilbanos Recuperados’ sailaren barruan. Bilbotarra oroimenera ekarri duena Carlos Alfonso Saiz Valdivielso (Bilbo, 1940) kazetari, idazle eta historialaria da. 

1735eko azaroaren 12an jaio zen familiaren etxean, egun Mujika eskolak dauden orubean; hau da, Erribera kalearen eta Andra Maria kalearen izkinan. Gardoki Bilboko Kontsuletxearen merkataritza-giroan sartu zen eta erakunde horretako lehen nagusia izan zen.

14 urterekin, Londresera bidali zuten ikastera. Handik ingelesez oso ondo zekiela etorri zen eta behin Carlos III.aren gortean instalatuta, hasieran itzultzailea izan zen. Gerora, Erregearen ordezkari zuzena bihurtu zen Ipar Amerikako independentistei Britainia Handiaren metropoliaren aurka egin zuten gerran laguntzeko izan ziren ezkutuko batzarraldietan.

 

Amerikako Estatu Batuen sustatzailea

Gardoki Arrikibar familiaren merkataritza-sare handia berehala jarri zen Carlos III Erregeren izenean iparramerikarren aferaren alde. Azkenean, Pariseko Ituna sinatuta, Iparramerikar kolonien independentzia onartu zen. Horrela Gardoki Amerikako Estatu Batuetan Espainiak izan zuen lehen enbaxadorea bihurtu zen.

Historialari batzuen ustez, George Washington Amerikako Estatu Batuen lehen presidenteak karguaren zina egiteko ekitaldian ohorezko lekuan egon zen bilbotarra. Emandako ezkutuko laguntza haren oroimenez, 2008tik, Gardokiren estatua bat dago Filadelfian, Estatu Batuen Independentziaren Adierazpena irakurri zuten lekutik oso hurbil.

Diego Maria Gardokiri esker, 1780ko urtarrilean, Bilbora etorri zen bisitan John Adams. Urte batzuk geroago Amerikako Estatu Batuetako bigarren presidentea izango zena. 1790etik aurrera, Diego Maria Gardoki Ogasuneko idazkaria izan zen. Carlos IV. Errege berriaren lehen ministroaren maniobra politikoen biktima izan zen Ogasuneko Idazkaritzan Diego Maria Gardoki.

Azken destino diplomatikoa Torino izan zen. Hantxe italiar penintsula zein zatikatuta zegoen ikusi zuen eta Napoleon Italia okupatzeko egindako lehen mugimenduak ikusi zituen bertatik bertara, are gehiago, Napoleon ezagutu ere egin zuen.

Itsasoari eta merkataritzari estuki lotutako XVIII. mendeko eta 7.000 bat biztanle zituen Bilbo haren izpiritu ekintzailearen adierazgarririk onenetakoa da Gardoki. Bilbok apurtu zuen harresia zabaltzeko, Atxuritik Kañu pasealekuraino; eta Bidebarrietatik eta Posta kaletik San Nikolaseraino.

 

Bizitza politiko gorabeheratsua izan zuen Gardokik eta mundu zabaleko goi-mailako pertsonalitate asko ezagutu zituen. Hala ere, Diego Maria Gardokik ez zuen inoiz ahaztu Bilboko sustraiak; eta hori agerian geratzen da anaia Jose Joaquini Torninotik bidalitako eskutitz batean, enbaxadore-kredentzialak jaso ondoren, anaiari Begoñako basilikan mezen bederatziurrena enkargatzeko agintzen diola.