‘Maratoia Gabarran’ egingo dute Jon Salvador eta Javi Conde atletek igande honetan

uriola.eus 2014ko urr. 23a, 11:00

@SabinAnuzita

Javi Conde Maratoi Solidarioak elkartearen eskutik egingo den maratoia datorren igandean ospatuko da, urriak 26, 12:00etatik aurrera. Erronka berri bati ekingo diote oraingoan bi kirolariek Athleticen Gabarraren gainean, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. 

42.195 metro korrika egitea izango da helburua, 32 metroko diametroa duen gainalde batean. Guztira, 1.312 bira emango dituzte 6 orduz baino gehiagoz, asmo zehatz batekin: zenbait GKErentzat ekarpen ekonomikoak lortzea.

Proba honek ahalegina eta berezitasuna uztartzen ditu, eta horregatik Javi Conde eta Jon Salvador korrikalariek erronka honen ‘zailtasuna’ nabarmendu dute. Izan ere, oso eremu txikian egin beharko dute oreka eta buru-kontrola ezinbestekoak dituen kirol-froga. 

Oraingoan, hainbat elkarte eta enpresen laguntza izan dute ‘Maratoia Gabarran’ posible egiteko; Gluco Sport enpresarena, besteak beste. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak, bestalde, gizartearekin duen konpromisoagatik onartu du proba hau, bai eta era honetako ekimenekin helarazten diren balioengatik ere. Gainera,  Javi Conde berak proiektuarekin lortutako arrakastak erakusten dituen bideoa erakutsiko da  Museoko Aretoetako batean. 

2009an lehiaketa ofiziala utzi zuenetik, Javi Condek adiskide talde batekin elkartea sortu zuen, kirolaren bitartez irabazi asmorik gabeko hainbat fundaziorekin eta laguntza elkarterekin elkarlanean jarduteko.  Proiektuaren lehenengo ideia izan zen maratoi erronkak egitea, eta gaur egun bi maratoi besterik ez zaizkio gelditzen: Merlbournekoa eta St. Luisekoa. 

Erakundeen eta enpresen eskutik jasotzen dituzten laguntza ekonomikoen bi heren bideratzen dituzte elkarte eta GKEetara. Gainerakoa, ordea, hurrengo probak sortzen dituen gastuak ordaintzeko. Javi Condek, oraingoz, 110.000 euro lortu ditu, eta 70 elkarteren artean banatu ditu eskuratutako guztia.