Arte paperak 2009-2014 Mikel Onandia Garate arte historialari eta kritikariak 2009 eta 2014. urteen artean komunikabide ezberdinetan euskaraz argitaratu dituen 120 arte kritika eta artearen inguruko artikuluek osatutako antologia da, 430 orrialde inguruko arte paperen bilduma zaindu eta mardula, alegia. Testuek azken bost urteotan Euskal Herriko museo, arte areto, galeria pribatu nagusienek eta bestelakoek hartu dituzten erakusketa eta arte ekintza ezberdinak dituzte hizpide.
Artikuluak, ahal den guztietan, hizpide dituzten erakusketen edo obren argazki batek lagunduak aurkeztuko dira. Sarrera gisa liburuak, euskaraz idazten duen beste arte aditu baten eskutik, euskal giro artistiko garaikidearen testuingurua azaltzen duen testu interesgarri eta originala eskainiko du.
Kuantitatiboki eta kualitatiboki artikulu corpus esanguratsua ondu du egileak: bost urtetan zehar Euskal Herrian izaniko erakusketa desberdinen 150 kritika eta artikulu baino gehiago publikatu ditu orotara, Berria egunkarian, Gara egunkariko Mugalari kultura gehigarrian, Deiako Ortzadarren eta Durangaldeko Anboto astekarian. Prentsako erreportaje informatibo hutsetik eta arte garaikidearen gaineko diskurtso kriptiko eta ilunetik ihesi, informazioa eta judizio kritikoa uztartzen dituzten testu zaindu eta erakargarriak idatzi ditu.
Arte garaikideak agertzen duen konplexutasun eta aniztasunagatik, baita honen egoera paradoxikoagatik ere sekula baino beharrezkoagoa da sorkuntza plastikoari buruzko begirada patxadatsu eta analitikoa, argia eta zuzena. Euskarak lurralde misteriotsu bezain erakargarri honetan duen hutsunea bete nahian, Mikel Onandia Garate arte historialariak oraintsu euskal panorama artistikoan izandako erakusketa eta arte gertakari garrantzitsuenen jarraipen eta dokumentazioa egiten du, betiere irakurle interesatua orientatu eta honi klabe nagusiak emateko asmoz. Zentzu horretan, azken bost urteotan argitaratutako artikuluak publikazio bakar batean biltzea euskarazko artearen historiografia urria aberastera dator.
Gaur eta hurrengo 36 egunetan zehar Crowd Funding bitartez diruz lagundu daiteke proiektua verkami.com helbidean.
Mikel Onaindia Garate
Mikel Onandia Garate (Durango, 1983) Filosofian eta Artearen Historian lizentziatua (EHU) da eta Arte Garaikidearen Analisia graduondokoa (Universitat de Barcelona) eta Arte Garaikidearen Kontserbazioa eta Erakusmoldeak masterra (EHU) burutu ditu. Aipamen eta beka ezberdinak jaso ditu, horien artean Artearen Historia lizentziaturako Ikasketa-Amaierako Aparteko Saria eta Bilboko Arte Ederren Museoa–BBK Fundazioa 2010-12 Ikerketa Beka. Horrez gain, Artea Durangaldean Gaur (2013) liburua argitaratu du. Egun irakaskuntza eta ikerketa lana uztartzeaz batera, hainbat komunikabidetan kolaboratzen du arte kritika eginez.