Duela hiru urtetatik hona, udazkenero, uzta garaian, Sortzen Ikasbatuak, Ikastolen Elkartea eta AEKrekin batera, "auzolanean", nafar produktuen saskiak saltzeko kanpaina egiten du. Lortutako diruaren zati bat (%25) nafar Erriberako euskarari bideratzeko erabiltzen da eta beste zatia (%75) nekazariei eta ekoizlei ordaintzeko zein produkzio gastuak ordaintzeko. Iaz, 8.000 saskitik gora banatu ziren eta 112.000 euro lortu ziren Nafarroako hegoaldeko euskalgintzarako. Aurten, marka hori gainditu nahi dute. Eta, noski, Bilbon ere iazko marka hobetzea dute helburu.
Bilboko lantaldea martxan da. Lantaldeko kide dira Imanol, Loli, Anun eta Maribel, beste askoren artean. Iaz Bilbon saldu ziren 1.500 saskiren muga gainditzea dute erronka. Horretarako auzoetan, elkarteetan eta hiritarren artean ari dira Errigora egitasmoaren berri ematen eta Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka leloa zabaltzen. Izan ere, laukotearentzat arrazoi nagusi bi daude Errigorako saskia eskuratzeko. Bata, Nafarroako hegoaldeko euskararen egoera da, euskara ofiziala ez den eremuan. "1.400dik gora umek batazbeste 20 kilometro egin behar dituzte euskaraz ikasi ahal izateko". Bestea, Nafarroako helgoaldeko nekazarien egoera da, "urrunetik ekarritako produktuek eragiten dien lehia gogorragatik". Bi egoera horiei buelta emateko, "erantzun bateratu bat" emateko modua da Errigora.
Imanol, Loli, Anun eta Maribelek probatu dituzte jada saskietako jaki "ezin goxoak": orburuak, zainzuriak, piperrak... "kalitate bikaineko produktuak", diote. Aurten, gainera, berrikuntzak dakartza otzarak, zukuak eta jaki ekologikoak, besteak beste. Aniztasun aldetik, "osatua" da, eta "norberarentzat zein beste bati oparitzeko" balio du, adibidez, gabonetan, saskien ohitura handia den garaian.
Merkatuko prezio "berean", 50 euroren truke, nafar produktuez osatutako saskia eskuratzeko hainbat leku daude Bilbon, "auzo gehienetan dago lekuren bat". Saskia azaroaren 12a baino lehen eskatu behar da eta azaroaren amaieran (epe laburrean zehaztuko den egunetan) jaso ahalko da.
Bilbo osoan saskia eskatzeko eta hartzeko egongo diren lekuak: Iralako Urtats AEK, Indautxuko AEK, Lizardi AEK (Alde Zaharra), Deustuko Matxintxu AEK, San Inazioko Larrako AEK, Santutxuko AEK, Zorrotzako AEK, Errondabide Herriko Taberna (Alde Zaharra), Kafe Antzokia, Matserri taberna (Otxarkoaga), Artagan Santutxuko Herriko Taberna, Irin Gozoa okindegia, Kalderapeko taberna, Berbaizu euskara elkartea, Juantxu taberna, Kabia taberna, Karmelo Ikastola, Abusu Ikastola, Ibar Ezkerra Ikastola, Kirikiño Ikastola eta Urretxindorra Ikastola.
Kontaktua: santutxu@errigora.org
Informazio gehiago www.errigora.eus