Azaroaren 14an abiatuko da ZINEBIren 56. edizioa

uriola.eus 2014ko urr. 28a, 15:53

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) azaroaren 14an –arratsaldeko 20:00etan– zabalduko ditu bere 56. edizioaren ateak Bilboko Arriaga Antzokian, Zinemaldiaren Ohorezko Mikeldietako bat jasoko duen Cecilia Roth antzezle argentinarrari eskainiko zaion omenaldiarekin, bere pertsonaiak aukeratzeko orduan intuizio, arrisku eta koherentzia pertsonal bikainak erakutsi dituelako.

Edizio honetako ohorezko bigarren Mikeldia, nazioartean ospe handia eta sari asko lortu dituen Hirokazu Kore-Eda zinegile eta gidoilari japoniarrari emango zaio, bere filmografiaren originaltasuna, bere filmek inspiratzen duten konpromiso humanista eta egungo zine panoraman betetzen duen leku pertsonala eta garrantzitsua aitortuz. Kore-Edak azaroaren 19an jasoko du saria, arratsaldeko 20:00etan, Bilboko Guggenheim museoaren auditorioan, Canneseko Zinemaldian Epaimahaiaren Saria lortu zuen De tal padre, tal hijo (2013) film luzea proiektatu aurretik.

65 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, zinemaldiak dituen hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez: fikzioa (30), dokumentala (17) eta animazioa (18). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean Estatu mailako 18 daude, eta horietako 7 euskal zinegileek egindakoak dira. Ohikoa denez, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko dira, Arriaga Antzokian. Hauek dira: Soroa, Asier Altunarena (fikzioa), A serious comedy, de Lander Camarero (fikzioa), Anomalo, de Aitor Gutierrez (fikzioa), Peter Hollywood, de Ibon Antuñano (dokumentala), Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa, Maria Elorza, Maider Fernandez eta Aitor Gametxorena (dokumentala), Hubert Le Blonen azken hegaldia, Koldo Almandozena (animazioa), eta Tempo inverso, Gregorio Muro eta Mikel Murorena (animazioa).

Azaroaren 21ean jakinaraziko den ZINEBIren palmaresa sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak, Euskal Zinearen Sari Nagusiak, Espainiar Zinearen Sari Nagusiak, Zine Latinoamerikarraren Sari Nagusiak, eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiek, fikzio, animazio eta dokumental kategorietan. Horrez gain, jaialdiak sari ez ofizial hauek ere izango ditu: Azkue Fundazioak Euskaraz egindako Film Hoberenarentzako ematen duen saria, 1.200 euro dituena eta Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorean euskararen erabilera sustatu nahi duena; SGAEk eta Euskadiko Gidoilarien Elkarteak Euskadiko bi gidoi hoberenei ematen dieten saria, 1.500 eurorekin; eta Ikus-entzuleen saria (EITBk emandakoa), hori ere 1.500 eurorekin.

Sekzio Ofizialeko sariak Nazioarteko Epaimahaiak erabakiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak hauek izango dira: Alberto Garcia Ferrer ekoizle eta kritikari argentinarra, Asociacion de Televisiones Educativas y Culturales Iberoamericanas izenekoaren Idazkari Nagusia; Carlos Balague zinegile, kritikari eta saiakeragile espainiarra, Ingrid Mwangi multimedia artista keniarra, Olga Pärn zinegile bieloerrusiarra eta Jon Sistiaga euskal kazetaria. Jon Sistiagak La Mara vida bere azken dokumentala estreinatuko du jaialdiaren barruan, Hondurasen ari diren banda kriminalen indarkeriak eragindako egoera latzaren kronika gogorra. Lan hori Kale Nagusiko BBK Aretoan eskainiko da, azaroaren 17an, arratsaldeko 20:00etan.

Sekzio paraleloak

Sekzio Ofizialeko film laburrez gain, ZINEBIk, lehiaketakoak ez diren zenbait erakusketa programatu ditu, InfoEuskadi, InfoSpain eta InfoWorld. Horiek ere Bilboko Golem Alondegiko zine aretoetan emango dira, eta horretarako Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko 70 film aukeratu dira.

Sekzio paraleloen barruan, edizio honetan, #Zinergentziak 14, Premiak eta larrialdiak euskal ikus-entzunezko garaikidean izenekoa azpimarratu behar da. UPV-EHU-ren laguntza duen ziklo hau, premia eta larrialdi kontzeptuetan oinarrituz, euskal ikus-entzunezko garaikidean ari diren zinegile gazteenen lanen azterketa proposatzen duten lau programak osatzen dute. Lan horien guztien helburua zinea egiteko, ikusteko eta zineari buruz berba egiteko moduen aurka agertzea eta goitik behera aldatzea da.

Erakusketak erabateko estreinaldi bi jasotzen ditu: Sra. Polaroiska Kolektiboak (Maria Ibarretxe eta Alaitz Arenzana) eta Victor Iriartek sortutako All about the Birds film-performancea, eszenan jartzeari eta ikus-entzuleak betetzen duen lanari buruzko gogoeta bitxia; eta, zazpi zinegile gaztek egindako Errautsak (Cenizas) film kolektiboa ere ikusi ahal izango da, iragana, orainaldia eta etorkizuna uztartzen dituen lana, haustura, emantzipazioa eta garaiarekin konpromisoa erakusten duen diskurtso artistikoan.

Delante de nuestros ojos, detrás de esa pared. El cine ‘povero’ de José Celestino Campusano izenburuarekin, ZINEBI 56k zinegile argentinar horren lan harrigarria aurkeztuko du lehen aldiz gure herrialdean. Erakusketak zinegilearen hiru film esanguratsuenak ekarriko ditu. Bertan, Buenos Aires Handia probintziako zenbait komunitate txiroren oso erretratu bizia osatzen duten lanetan, modu bikainean islatzen den borondate etikoak eta estetikoak gidatutako zine idearioa duen zinegilea erakusten zaigu. José Celestino Campusanoren zine ‘povero’ (pobre) horren erakusgarri, Bilboko Alondegian lan hauek eskainiko dira: Vil romance (2008), Fango (2012) eta Fantasmas de la ruta (2013).

Jaialdiko sekzio paraleloen barruan, baita ere, Gertuko irudiak. Fikzioaren, dokumentalaren, animazioaren eta eleberri grafikoaren arteko loturak erakusketak, Animaziozko dokumentala izenekoari buruzko gogoeta proposatzen du. Genero hibrido horren barruan, ikuspegi komertzialetik eta kritikaren aldetik arrakasta azpimarragarria jaso duten zenbait film egin dira azken garaietan. Horrela, jaialdiak, film laburrez osatutako bi saio eta film luzeek osatutako beste bi programatu ditu. Ziklo honetarako aukeratu diren film luzeen artean hauek azpimarratuko ditugu: Crulic, the Path to Beyond (Errumania – Polonia, 2011. Ani-Dok. 73 min), 2012an Annecy Jaialdi ospetsuan Kristal Saria irabazi zuen Anca Damian zinegile errumaniarrarena, eta Alois Nebel (Txekiar Errepublika, 2011. Ani. 84 min.), izen bereko eleberri grafikoan oinarritutako Tomáš Luňáken lana.

Beautiful docs

Programazioaren barruan bere nortasun zeinu historikoetako bat, film luze dokumentala, izan denaren presentzia finkatzeko asmoz, jaialdiak, duela denbora gutxi egindako hamaika film aukeratu ditu Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama, izeneko ziklorako. 13 herrialdetatik etorritako lanak dira, oso gai eta lengoaia anitzak erabiltzen dituztenak, eta kasu batzuetan, genero horretako nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan sariak irabazitakoak.

Ukrainako Errusiarren aldeko gobernuaren kontra duela denbora gutxi egin den altxamendu zibila, modernitatearen tenplu berri bilakatu diren nazioarteko museo handietatik igaroz; erbestean dauden youtuber siriar gazteak eta amaierarik gabeko gerra zibila jasaten ari den euren herrialdeari buruz egin dituzten filmazioak; edo Israelen okupazioaren kontra borrokatzeko taktika gogorrez prestatzen diren Hamaseko gazte palestinarrak dira ziklo honetan ikusi ahal izango ditugun gaietako batzuk. Horrez gain, emigrazioa, futbol partidu bat mugimendu iraultzaile baten aurrekari gisa, barruan daraman nortasunarekin munduan izateko eta egoteko borrokatzen den transexual baten bizitza edo 2012an Asturiaseko meategi guneetan izandako protestak ere izango ditugu.

Horien guztien artean azpimarragarriak dira Frederick Wiseman zinegile frantses handiaren National Gallery (2014) lana, museo handiek egungo masa kulturan betetzen duten lekuari buruzko gogoeta, eta Maidan (2014), Kieveko Errusiaren aldeko erregimenaren kontra ukrainarrek izandako altxamenduaren kronika zirraragarria. Bi dokumental horiek Canneseko Zinemaldiaren azken edizioan hartu dute parte.

Beste alde batetik, aurreko edizioetan egin den bezala, ZINEBI 56k arreta berezia eskainiko die duela denbora gutxi egindako euskal ekoizpen lanei, Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi sekzioaren barruan. Aurten 10 lan aurkeztuko dira, guztiak ere dokumentalak, eta horien artean aipamen berezia merezi du No soy yo, eres tú (Iban Gaztanbide. Euskadi, 2014. 90 min.) film luzearen estreinaldiak. Lan hori, El Consorcio taldeko kideek izan duten ibilbide pertsonal eta profesional luzera egiten den hurbilketa intimoa eta korala da. El Consorcio musika taldea, Mocedades eta Sergio y Estibaliz taldeetatik sortu zen. ZINEBIk Campos Antzokian estreinatuko du dokumentala, azaroaren 20an (20:00etan), zineak eta zuzeneko musikak eszenatokian bat egingo duten ikuskizunean.

Sekzio horren barruan, musika banda mitikoei eskainitako beste bi lan azpimarratu behar dira: Las más macabras de las vidas (Kikol Grau. Euskadi, 2014. 45 min.) 80ko hamarkadako filmetako eta albistegietako irudien bitartez, Eskorbuto taldea errebeldiaren enblema bilakatu zen garaia erakusten da; Doctor Deseo: Busco en tus labios (Carlos Iglesias / Xabier Aguirre. Euskadi, 2014. 58 min.) lanak, Bilboko pop-rock talde beteranoaren ibilbidea, musikaren inguruan dituen ideiak eta eszenan jartze bitxia jasotzen ditu. Doctor Deseo taldeak kontzertua eskainiko du azaroaren 15ean, Kale Nagusiko BBK Aretoan, filmaren amaieran.

Nostalgiaz betetako begiradak

Euskaditik zuzendutako begirada horiei, nolabaiteko nostalgia ukitua duten beste bi gehituko zaizkie. Helburua, Euskadiko, eta batez ere Bilboko, ikus-entzunezko ondarean oso gutxi ezagutzen diren edo ahaztuta dauden lanak berreskuratzea eta ikus-entzuleen esku jartzea da, eta horretarako balio dokumental handiko bi film labur aurkeztuko dira, Euskal Filmotekaren eta Kataluniako Filmotekaren laguntzarekin.

Horrela, ZINEBI 56ko inaugurazio ekitaldian, Jose Luis Viloriak zuzendutako Vivir un sueño (1965) film laburra eskainiko da, Euskal Filmotekaren laguntzari esker berreskuratua. Bertan, Bilboko eta Bizkai osoko milaka umek Villarcayoko (Burgos) kolonietan igarotakoa erakusten da. Filmaren aurretik, garai hartako NO-DO-aren pieza laburra eskainiko da. Bertan, hiru urte lehenago Carmen Polok, Francisco Franco diktadorearen emazteak, udaleku horiek inauguratu zituela jakinarazten da.

ZINEBI 56ri amaiera emateko, Arriaga Antzokian, baita ere, Raul Peña zinegile beteranoak 1961ean egindako Más allá de Bilbao lana eskainiko da. Zinegileak berak hartuko du parte Itsasadarrari eta garai hartako Bilboko hiriguneei buruzko koloretako lehenengo erretratutzat har daitekeen berreskuratutako lan honen aurkezpenean. Garai hartan egile zine izenez ezagutzen zen moduan egindako saiakera da, hiriaren zenbait alderdi azkartasunez eta estilo poetikoa erabiliz irudikatzeko: industria, portua, zeru itxia, itsasadarra, Abra, kaleak… guztia ere, bertako jendearen lanerako izpirituan oinarrituz. Film hori, egin zen urte berean estreinatu zen, garai hartan Festival Internacional de Cine Documental Iberoamericano y Filipino de Bilbao izena zuen jaialdian, egungo ZINEBIren aurrekari historikoan.