‘Hileko dokumentala’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIK, urte osoan bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Demonstration (Espainia, 2013, 70 min.) filma eskainiko du ostegunean. Victor Kossakovskyk eta Pompeu Fabra Unibertsitateko Sorkuntza Dokumental Masterreko 32 ikaslek zuzendutako film-baleta da. Saioa Multicine aretoan (Jose Maria Escuza, 13) izango da, 20:00etan. Sarrerak 3,70 euro balioko du.
Demonstration 2012an grabatu zen, mundu osoan protesta handiak egin ziren urtean. Espainian bi greba orokor egin ziren gobernuaren austeritate planen kontra: martxoaren 29an eta azaroaren 14an. Bartzelonan, manifestariak hiriko hainbat puntutan elkartu ziren, eta poliziak gomazko balak erabili zituen kontrolatzeko. Garai hartan, Liceu Antzokian, Ludwig Minkusen Don Quixote balleta ari zen eskaintzen.
Greba orokorreko bi egunetan, Pompeu Fabra Unibertsitateko Sorkuntza Dokumental Masterreko 32 ikasle kalera irten ziren, gertakari haiek hainbat ikuspuntutik grabatzeko, Victor Kossakovsky zuzendariaren jarraibideei jarraituz. Grabazio horiek funtsezkoa izan ziren, zuzendaria bera ezin zitekeelako 32 lekutan egon aldi berean.
Dokumentalak harritu egiten gaitu, ikasleek gertatzen ari dena ia zainketa kamerak izango balira bezala grabatu baitute, baina emaitza, pertsonaiak, soinuak eta bata bestearen aurrean dauden egoerak Minkus konpositorearen musikarekin konbinatzen dituen film-baleta da, ustekabeko ondorioa sortzen duen nahasketa esanguratsuan. Lan horrek hainbat sari jaso ditu, IDFA- Herbehereak, MOMA Documentary Film Festival-EUA, True/False Film Festival-EUA, Hot Docs-Canada edo DocsBarcelona, besteak beste.
Victor Kossakovsky (San Petersburg, 1961) kamera laguntzaile, zuzendaritza laguntzaile eta editore gisa aritu da lanean 1978tik. 1986tik 1988ra gidoigintza eta zuzendaritza ikasi zuen. Ehun sari baino gehiago irabazi dituzten hamar film zuzendu ditu.
ZINEBI Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari ‘Hileko dokumentala´ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek (Jose Maria Escuza, 13), zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.