Musikazale eta musika profesionalei ateak zabaldu dizkie BIMEk

uriola.eus 2014ko urr. 29a, 10:40
Musika sektorearen "jasangarritasuna" lortzea helburu dutela, Barakaldoko BEC topagune izango dute musika zale zein profesionalek. Bigarren BIME Conference&Festivalek larunbatera bitartean aurkezpenak, mahai inguruak, hitzaldiak, azoka eta kontzertuak eskainiko ditu, besteak beste.

BIME Pro hiru egunetako kongresu profesionala da eta gaur hasi da martxan. Musikan diharduten profesionalen arteko bilerak izango dira ardatz, baita beste industria batzuen artekoenak ere, hala nola, teknologia berriak, telefonia eta aplikazioak, bideojokoak edota moda, negozioak sortzeko eta elkartrukatzeko bide berriak topatzen ahaleginduko dira.

Mundu osoko akreditatuak espero ditu BIMEk entzuteko, elkartrukatzeko eta igartzeko espazio honetan.

Ideia eta proposamen berriak merkaturatzeko lekua ere izango da, batez ere, aisialdirako "aukera gehiago" eskaintzea helburu du aurtengo edizioak.

BIME Market

Erakusketa azoka bat izango da BIME Market, non musikan diharduten profesionalek bere produktu eta zerbitzuen erakuspena egingo dute publiko.

BIME Live

Urriaren 31tik azaroaren 1era, gaur egungo musikaren munduan diharduten artistarik garrantzitsuenak egongo dira BIMEn, baita hemengo eta nazioarteko esperantzak ere; beraz, BIME neguko jaialdi handienetakoen artean dugu Europan. Hauetariko talde askok euren disko berriak aurkeztera etorriko dira eta batzuentzat Espainian emango duten kontzertu bakarra izango da. Estatuko bazter guztietatik etorriko da jendea, Europako hainbat herrialdetatik ere bai.

The Kooks, Holy Ghost!, Anna Calvi eta The Barr Brothers taldeak dira, besteak beste, BECen entzungai egongo diren taldeak. Horiez aparte, The National, Placebo, Mogwai, Macy Gray, Basement Jaxx, Mando Diao, The Divine Comedy, Billy Bragg, Imelda May eta Thurston Moore bandek ere joko dute BIME Liveren baitan.

The Kooks laukote britainiarrak indie rock estiloa egiten du, 2006an kaleratu zuten lehen diskoa, Inside In/Inside Out. Kanta ezagunak dituzte, Naive, She Moves In Her Own Way edo Ooh La, esaterako. Konk (2008) eta Junk of the Heart (2011) diskoak atera dituzte ostean. Irailaren hasieran izango da kalean Listen lan barria.

Holy Ghost! synthpop bikotea New Yorketik dator. Nick Millhiser eta Alex Frankel kideek osatzen dute. Moby, Cut Copy eta MGMT taldeen nahasketak egin dituzte, LCD Soundsystemerekin jo dute, eta orain arte lan bi kaleratu dituzte: Holy Ghost! 2011n eta Dynamics 2013an.

Anna Calvi kritikak nabarmendu duen konposatzaile eta gitarrista britainiarra da. Disko luzea argitaratu ostean, Strange Weather EPa da bere lanik berriena.

The Barr Brothers folk laukote kanadarrak bigarren lana aurkezteko du Barakaldon, Sleeping Operator.