Araitz, Ixone eta Unai dira istorio honetako protagonistak, eta Unaiek berak, 3 anai-arrebetatik txikitxoenak, lehen pertsonan idatzitako gutun batekin hasten da. Hiru ume abenturazaleek Bilboko ahateen parkean izandako txangoren gorabeherak eta sorpresak kontatzen dira lan honetan. Maria Luisa Amigok idatzi eta Nuria Espinosak ilustratutako ipuina Bilboko udaletxearen eta hainbat enpresa, elkarte, unibertsitate eta komunikabideen kolaborazioarekin aurrera eraman da.
Ipuina 5 euroren truke eskuratu ahal izango da, proiektu solidario honetan parte hartzea erabaki duten zenbait komunikabideen bitartez: Grupo Noticias-eko egunkaria, Berria, Cadena Ser eta Grupo Nervion-eko telebista (Telbilbao) eta irratia (Radio Nervion), besteak beste. Gainera, ekimenak Onda Vasca eta Cadena Ser irratien laguntza eta difusioa izango du. Bestalde, abenduaren 5etik 8ra ospatuko den Durangoko Azokan ere eskuragai izango da ipuina Berria-ren, Deia-ren eta Deustu-ko Unibertsitateak izango dituzten stand-etan.
Naiara Garcia de Andoin eta Jose Angel Garcia ipuineko protagonisten gurasoak dira; gaixotasun urri hau pairatzen duten umetxoen gurasoak, alegia. Denbora daramatzate dirua biltzen, haien seme-alaben bizitzak salbatzeko asmoarekin. Familiaren esperantza osoa pertsonekin erabiltzen dituzten sendagaien ikerketan dago jarria. Saguekin emaitza positiboak lortu arren, 3 milioi euro behar dira ikerketa aurrera eraman ahal izateko eta oraindik ez dute beharrezkoa den diru kantitatea bildu. Horretarako, beraien kasua munduko txoko guztietan ezagutzera eman nahi dute.
[2014/10/22] Karolina Eguna ospatuko da, Sanfilippo sindromearen ikerketarako dirua lortzeko