Euskadiko transmedia-narratiba eztabaidagai

uriola.eus 2014ko urr. 31a, 08:20

Aditu ugari bilduko dira gaur, urriak 31, BECen Transmedia Day ospakizunean.

Transmedia Day urriaren azken astean egiten den mundu mailako ekimenaren zati da: ikus-entzunezko berrikuntzaren, transmedia-narratiben, bideoaren sektoreak bizi duen egoeraren, bideojokoen, aplikazioen eta abarren inguruan eztabaidatzeaz gain, sariak banatuko zaizkie estatuko 2014ko transmedia-proiekturik aipagarrienei.

Gaur goizean, Euskadiko transmedia-proiektuen egoera jorratuko du aditu talde batek (Fantoryko Ana Hormaetxea, EITBko programazio eta eduki saileko Aritz Galarza, The Blackout Project eta Boletuseko Aletxu Echeverria, Delirium Studios eko Arturo Monedero eta Arteviako Fernando Santiago). Horretarako, lankidetzaz, gure lurraldearen barruko berrikuntzaz nahiz testuinguru globalean dugun paperaz arituko dira, besteak beste.

Mahai-inguruaren ondoren, Transmedia Day 2014 sariak emango zaizkie Estatuko transmedia proiektuen arteko onenei:

2014ko transmedia-proiekturik onenarentzako saria.

CENTA saria (Euskal Herriko Ikus-entzunezko Teknologia Berrien Zentroan ikasketak egiteko 500 €).

CONDUCTTR saria (transmedia-narrazioak diseinatzeko eta gauzatzeko “Conducttr” tresna urtebetez erabiltzeko lizentzia).

Hackatoi deritzona ere antolatu da: eduki-sortzaileak, software- eta hardware-garatzaileak nahiz hackerrak 24 orduz elkartuko dira etorkizunean garapen zein aplikazio berrietarako bidea ireki dezaketen proiektu nahiz produktu esklusibo edota berritzaileak sortzeko asmoz.

Media Attack bideo-agentziak (http://media-attack.tv) eta Last Tourek (http://www.ltinews.net) antolatu dute ekitaldia.

Parte hartzeko interesa izanez gero, sarrerak ekitaldiaren web gunean eros daitezke, deskontuarekin: http://www.transmediaday.com