Udagoieneko Ostera Bizkaiko kultur zirkuituaren XV. edizioa antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Lehen aldiz, zirkuituan izango diren zenbait sortzailerekin solasaldiak izango dira.
Udagoieneko Osterak, euskarazko kultur produkzioa gerturatzen du Bizkaiko antzokietara, euskaltzaleei aisialdian euskaraz gozatzeko aukera eskainiz. 15. edizioa, azaroaren 5etik 29ra bitartean gauzatuko da, eta kontzertu eta ikuskizunez gain, sortzaileekin hizketan aritzeko uneak izango dira. Guztira, bost emanaldi eta hiru solasaldi izango dira, Getxon, Balmasedan, Bilbon (bi aretotan) eta Igorren.
Solasaldien antolaketan, tokian tokiko euskaltzaleen elkarteek eta hedabideek hartuko dute parte. Elkarteen kultur eskaintza aberastearekin batera, zaleak euskaltzaleen mugimendura gerturatu eta hauei kultur sortzaileekin harreman bide zuzenak ematea dira helburuak.
Musika eta antzerkia izango ditu ardatz aurtengo zirkuituak, eta herritar guztiei zuzendutako emanaldiak izango dira. Aipatu bezala, bost ikuskizun izango dira, eta horietako hiruren aurretik solasaldiak izango dira kultur sortzaileekin. Hona hemen programazioa:
• Azaroak 5, asteazkena. Getxoko Villamonte Kultur Etxean, 20:00etan. Doan.
GARI: Musikariarekin solasaldia, Egizu elkarteak antolatuta eta UK aldizkariak gidatuta.
• Azaroak 9, igandea. Getxoko Andres Isasi musika eskolan, 19:00etan. Sarrera 8€
GARI – MALDANBERA: Azken sei urteetan bakarka edota bikote moduan ibili ondoren, MaldanBera taldearekin dator Gari, proiektu berri bati ekinez.
• Azaroak 15, larunbata. Balmasedako Klaret Antzokian, 20:00etan. Sarrera 8€
JAINKO TXIKI ETA JOSTALARI HURA: Ikuskizun multimedia berria, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverderekin.
• Azaroak 22, larunbata. Bilboko BBK Salan, 20:00etan. Sarrera 12€
ANNE ETCHEGOYEN ETA AIZKOA ABESBATZA: Donapaleuko abeslariak Les Voix Basques diskoa aurkeztuko du Aizkoa Abesbatzako kideekin.
• Azaroak 25, asteartea. Bilboko Kafe Antzokian, 11:00etan. Sarrera doan.
NAPOKA IRIA: Taldeko musikariekin solasaldia, Zenbat Gara elkarteak antolatuta.
• Azaroak 27, osteguna. Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean. Sarrera 8€ aldez aurretik, 12€ bertan.
NAPOKA IRIA eta ANARI: Lehen bikoteak “Arnasten Ikasteko Berriz” diskoa aurkeztuko du, eta Anariren kontzertua izango da ostean.
• Azaroak 27, osteguna. Igorren. Ikastetxeko ikasleentzat.
PANKREAS: Antzerki lanaren sortzailearekin (Patxo Telleria) solasaldia, Zertuk antolatuta.
• Azaroak 29, larunbata. Igorreko Lasarte Aretoan, 20:00etan. Sarrera 6€
PANKREAS: Gaur egungo tragikomedia bertsoz paratua. Tartean Teatroa konpainiaren antzerki lan berria da, Patxo Telleria, Mikel Martinez eta Joseba Apaolazarekin.
Sarrerak Kutxabanken orotariko kutxazainetan, interneten zein aretoetan bertan eros daitezke. Napoka Iria eta Anariren kontzerturako, Kafe Antzokian (zein interneten) eskuratu daitezke sarrerak. Informazio gehiagorako, http://topagunea.eus/egitasmoak/udagoienekoostera-2014/ web orrira jo daiteke.