Udal ordezkariek Narkosala Bailenen geratuko dela berretsi dute

uriola.eus 2014ko urr. 30a, 12:30

www.osalde.org

Atzo goizean bilera izan zuten Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariek kontsumo higienikorako aretoaren kokaleku berriaren inguruko informazioa emateko. Bertan zehaztutakoaren arabera, Narkosala Bailenen mantenduko da. Deustun eta Matikon beste bi zentro irekitzeko asmoa "intereseko gezurtzat" jo zuen Gizarte Ekintza Saileko ordezkariak, Juan Felix Madariagak.

Bilera Ernesto Erkoreka eraikineko Batzorde Gelan izan zen eta kazetariok alboko gela batetik jarraipena egiteko aukera izan genuen. Bertan, Juan Felix Madariaga, Gizarte Ekintzako zinegotziak argitu zuenez Narkosala Deustu eta Matikon kokatzea "gezurrean" oinarritutako surrumurrua izan da eta zentroa Bailenen mantenduko dela baieztatu zuen.

Medicos del Mundo elkarteak kudeatu du Baileneko kontsumo higienikorako aretoa azken urteetan eta horretan jarraituko du azaroaren 25era arte. Abenduan, oraindik ezagutzera eman ez duten erakunde berri batek hartuko du lekukoa, Menpekotasunen Arretarako Zentro Soziosanitario izena izango duen espazioa aurrera eramateko.

Abenduarekin batera, kontsumo higienikorako aretoaren eginkizunak handituko direla mahaigaineratu zuten ere, erabiltzaileen jarraipen zehatzagoa egiteko.

Atzoko agerraldian hainbat datu plazaratu zituzten. Egun 149 erabiltzaile ditu Narkosalak eta gehiengoa 35-44 urte bitarteko gizonezkoak dira. %71 EAEko  bizilagunak dira eta %87a Bizkaian erroldatuta dago.