2013ko artista egoiliarra izanik, Mika Murakamik bere iratxoak ekarri ditu eskulturetan, instalazioetan, inprimaketa lentikularretan eta mikro-inprimaketetan bildurik.
Erakusketa gaur arratsaldeko 8etan inauguratuko da. Publikoarentzat irekita egongo da Bilbao Arteko erakusketa-gelan astelehenetik azaroaren 21era arte, 17:30etatik 20:30etara bitartean astelehenik ostiralera, eta 11:00etatik 14:00etara bitartean larunbatetan. 2013an beka jaso zuten 26 artisten lanen artean, Mika Murakamiren proiektua izan zen Bilbao Artek Urazurrutiako 32an duen aretoan banakako erakusketa bat antolatzeko aukeratu ziren 7 proiektuetako bat.
`Zaindariak´ proiekturako ideia herrialde desberdinetako kultura anitzetan gaur arte iraun duen ohitura batetik dator. Ipuin japoniarretan iratxo agertzea normala da eta horrela gertatzen da hainbat mitologietan. Bere izaera bihurria baina bihotz onekoa da. Etxeko zaindaria da, eta horrela azaltzen da Mika Murakamik sortzen dituen obretan. Bere erakusketan, babeslearen irudia beti dago presente.
Zura, brontzea, burdina, alabastroa eta poliester-erretxina dira artistak aulkiez, erloju batez, katilu batez eta bestelako objetuez osatutako proiektu honetarako erabili dituen materialak. Zenbait lanek amarrua dute, baina ikusleen ohi ez bezalako parte-hartzea beharko da agerian uzteko. Zenbait lanetara hurbiltzea, adibidez, aukera egokia izan daiteke iratxo horietako batzuen begien atzean ezkutatuta dagoena ikusteko. Beste kasu batzuetan, irudi lentikularren instalazioan kasu, publikoak alde batetik bestera mugitu beharko du iratxo jostari horien irudi aldakorra atzitzeko.
"Lan batzuk jostailuen antzekoak dira, graziaz eta amarruz betetakoak, eta beste era batera hurbildu behar duzu horietara. Ikusleak parte hartu behar du ezkutuan dagoena aurkitzeko, objektu berean beste ikuspuntu bat bilatuz. Kontzientzia eta inkontzientziaren arteko nahastea dut gustuko, gure gogomenean ere halaxe gertatzen baita", nabarmendu du Mika Murakamik, obra horretako iratxoak Japonian duen zuribeltzezko argazki zahar batek inspiratuta sartu zituela gogoratuz.
"Bi haur agertzen dira, jostailu guztiak etxeko egongelan zehar botata dauzkatela eta kamerari irribarre eginez. Argazkiak etxeko iratxo zaindariaz mintzo den ipuin japoniarra zekarkidan gogora. Iratxoak jostariak dira, zaratatsuak, eta noizean behin, etxeko lanetan laguntzen dute. Iratxoa desagertzen denean, etxeak oparotasuna galtzen du, Japoniako ipuin horren arabera", azaldu du artistak.
Mika Murakamiren azken lanak artista argitsuen tradizioarekin ezkontzen da. Artista horien lanak errealitatearen alderdi magiko, ukiezin eta liluragarrietan barrena ibiltzeko eskaintzan funtsatzen dira.
"Zaindariak" aldean dituela, Mika Murakamik amaiera emango die Bilbao Arteren aurtengo ekoizpen propioko erakusketei, azken hilabeteotan Jesus Pueyo, Naia del Castillo, Carla Andrade, Juan Pablo Orduñez, Helene Duboc eta Eriz Moreno artistak protagonista izan dituzten erakusketen ondoren. Baina Bilbao Arteko jarduerak ez du etenik. Abenduaren 5ean, Ate Irekiko Eguna ospatuko da, eta bertan, egoitza artistikoa egiten ari diren hogeita hamar bat artistak eta kolektibok jendaurrean aurkeztuko dituzte beren proiektuak, Bilbao Arteko esparru guztiak obraz betez.