Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren (ZINEBI) 56. edizioak aurrerapena eskaini zuen ostiralean. Bertan, ohikoa denez, Bilboko Ikus-entzunezkoen sektorea osatzen duten erakundeek, taldeek, elkarte profesionalek eta prestakuntza zentroek izan zuten lekua.
Asteburuan murgilduta, larunbat goizean, 48 ordutan errodatutako film laburren ZINEBIEXPRESS lehiaketarako deialdi berria zabaldu zuten (goizeko 09:30etatik 10:30etara– Campos Eli Campo Eliseos antzposeos Antzokian). Partaideek gaur arratsaldera arteko epea dute euren lanak aurkezteko eta ostegunean, azaroaren 13an, sariak banatuko dira, Bilboko Alondegiko auditorioan, arratsaldeko 20:00etan. Ekitaldi horretan lehiaketaren finalera heldu diren filmak ere eskainiko dira.
Larunbatean ere, Simone de Beauvoir Kolektibo feministak topaketa eskaini zuen Josefina Molinarekin, Pilar Mirorekin batera, Espainiako emakume zinegileen bigarren belaunaldiko zinegile azpimarragarrienetakoa denarekin. Josefina Molinak 2011ko Zinearen Akademia Espainiarraren Ohorezko Goya Saria irabazi zuen. Hitzordua Campos Antzokiko Kupula aretoan izan zen, eta zinegilearen film arrakastatsuenetako bat eman zuten, `Función de noche´ (1981), garai hartan oso berritzailea eta ausarta izan zen errealitate eta fikzio nahasketa zirraragarria. Bertan, Lola Herrera eta Daniel Dicenta, protagonista biak, bizitza errealean bikote gisa jasaten ari diren krisiari buruz hitz egiten dute, ezer gorde barik.
Zine eskolak
Gaur eta asteazkenean, Kupula aretoan, baita ere, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, bi saio eskainiko dira, Bilboko zine eskoletako eta ikus-entzunezko prestakuntza zentro publikoetako eta pribatuetako ikasleek 2012an eta 2013an egindako lanak erakusteko. Topaketan, EHU-UPV-ko Gizarte Zientzia eta Komunikazio Fakultateak, Erandioko Tartanga IEFPS-k, IMVAL-ek, Anima Eskolak eta Euskadiko Zine Eskolak hartuko dute parte.
Beste urte batez, PREZINEBIk FAS Zine Klubaren laguntza ere izango du. Asteartean, azaroaren 11n, Campos antzokiko eszenatoki berean, Josu Venerok 2012an zuzendu zuen `En un país imaginado´ film luze dokumentala eskainiko du, Jose Antonio Sistiaga artista donostiarraren, zine esperimentaleko sortzaile libreenetakoaren eta emankorrenetakoaren, filmografiatik eta pintura lanetik egindako ibilbide bisuala eta dinamikoa.
Zinegileak eta protagonistak zinearen eta gainerako arte plastikoen arteko harremanei eta artistak bere eguneroko jardunaren inguruan dituen gogoetei, esperientziei eta paisaiei buruz hitz egingo dute. Saioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da eta, ondoren, Juan Ortiz jazz piano jotzailea, 2013ko diskorik hoberenaren BBK Jazz sariaren irabazlea, arituko da.
Amaierako jaia
PREZINEBIren amaierako jaia, `Redneck Zinema Party´ izenekoa, ostiralean, azaroaren 14an, gaueko 21:30etan, Bilborock aretoan, bat etorriko da, beste urte batez, ZINEBI 56 jaialdiaren inaugurazio ekitaldiarekin. Oraingo honetan, jaialdiak, Caostica Elkartearekin batera, omenaldi berezia eskainiko die zinearen historian aztarna utzi duten “paleto”, baldar, ugariei, jatorria eta enblema Estatu Batuetako hegoaldeko nekazaritzan duten horiei.
Hori lortzeko, ikus-entzuleak zine atmosfera landatarrez inguratuta egongo dira, film zatiak, lasto fardelak, etxean egindako alanbikeak, abereak, mastekatzeko tabakoa, Riflearen Nazio Elkarteko ordezkariak, Miss eta Mister Paleto lehiaketa eta beste hainbat eta hainbat ezuste. Hurrengo egunean, ikus-entzuleak zalantzan egongo dira, bizipen horiek benetakoak ala amestutakoak izan ote diren jakin barik.