Suteak Bilbon

uriola.eus 2014ko aza. 3a, 17:07

Joan den asteburuan, sute ezberdinak sortu dira Bilboko leku ezberdinetan.

Bilboko Maristas ikastetxeko klase batetan sutea sortu da arazo elektriko baten ondorioz. Goizeko 07:20 inguru sortu da sutea Santutxun kokatuta dagoen Maristas ikastetxean. Eskolako mantentze-lanetaz arduratzen diren langileak izan dira sutea izali dutenak. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak jakinarazi duenez, sutearen momentuan ez zegoen ikaslerik. Eskolak normaltasun osoz jarraitu ahal izan du bere jardunarekin.

Bestalde, ezezagun batzuk Maria Diaz de Haro kaleko hiru edukiontzi erre dituzte goizaldean. Bertatik gertu zegoen kotxe bat kaltetu du suteak. Ertzaintza eta suhiltzaileak gertakarien lekura joan dira sutea itzaltzera. Keak ez ditu bizilagunak euren etxeetatik ateratzea behartu. Ertzaintzak edukiontzien erreketaren sortzaileak aurkitzeko ikerketa abiarazi du. 

Boluetako garaje batean furgoneta bat kiskali da igande goizaldean. Suhiltzaileek ordubete baino gehiago egon behar izan dute ezagutzen ez diren arrazoiengatik su hartutako kotxea itzaltzeko. Suteak ke asko eragin arren, ez zituen bizilagunak desalgotzera behartu.