Bilboko Banda ‘Txistua historian zehar’ kontzertuko protagonista

uriola.eus 2014ko aza. 5a, 08:21

Udal Bandako lau txistulariek, formatu eta erregistroetan mendez mende izandako aldaketak erakutsiko dituzte. Hitzordua gaur, arratsaldeko 20:00etan hasiko da Euskaldunako A3 aretoan.

Udal Txistulari Bandaren udazkeneko kontzertu-denboraldiari jarraipena emanez, gaurko egunean, azaroak 5, oso emanaldi berezia antolatuko da. Bandako lau kideek ‘Txistua historian zehar’ kontzertua eskainiko dute. Txistuaren historia luzean formatu aldetik eta erregistroetan izandako aldaketak ikusgai egongo dira; bidaia musikala txistu bakarlari batetik abiatuz egungo txistu banda tradizionaleraino. Hitzordua arratsaldeko 20:00etan izango da Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan. Kontzertuaz gozatzeaz gain, bertaratutakoek `Plazan´ diskoa 10 euroko prezioan erosteko aukera izango dute.

Garikoitz Mendizabal (zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta eta Asier Garcia arituko dira. Gaur egungo Bilboko Txistulari Bandak 2004ko urtarrilean ekin zion ibilbideari, eta urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Juglareen oinordekoak

Erdi Aroan bazen giroa alaitzeko flauta eta danborra jotzen zituen juglarea, Aro Modernora indarrik gabe heldu zena. Euskal txistularia juglare haren oinordekoa da; izan ere, orkestra txiki eraginkor hartatik zenbait elementuk iraun zuten eta herrietako kultur tradizioetan finkatuta geratu ziren lekuan lekuko historia, morfologia eta izen bereziarekin.

Euskal Herrian, txistuaren egonkortasuna agintarien aurreko dantzaren sorrerari zor zaio. Oso goiz agertu zen udalari lotua danbolin-jolea, dibertimenduetan ez ezik, beste zerbitzu publiko batzuetan ere jotzeko. Danbolin-joleek jakin zuten maisutasunez tradizioa eta modernotasuna lotzen.

XVIII. mendearen amaieran, Ilustrazioaren ideiak tartean, txistuan aldaketa teknikoak egin zituzten eta beste orientazio musikal bat agertu zen. Horrela bada, txistua gaur egungo egoeraren atarian jarri zuten, bai izaera artistikoari, bai gizartean duen presentziari dagokienez. Mende bat geroago, hiriko modak bazterrean utzi zituen txistua eta danbolina dantzaldietarako, eta folklorearen alorrean kokatu zituen. Abertzaletasunak indarra emango zion geroago, euskal nortasunaren ezaugarritzat jota.

Azken mende dinamiko eta konplexuaren ondoren, txistuak funts musikala berreskuratu du, milurteko berrian erakargarri azaltzeko.  Hala da, XX. mendea oso garrantzitsua izan da txistuarentzat. Euskal Herriko Txistularien Elkartea sortu zuten 1927an; gerraren ostean ez zen aurrera egin eta hortxe geratu zen txistua geldi. 1950eko hamarkadan berpizkunderako lehen urratsak eman zituzten. Jose Ignacio Ansorena aitzindaria izan zen egun dugun txistu erakargarri aukera askotarako zabalik dagoen honetara heltzeko lanetan.

Txistuak bilakaera bat izan zuen, herriaren dibertsioetarako tresna izatetik udalei lotutako instrumentu izatera eta hortik nortasunaren adierazgarria izatera heldu da. Milaka txistulari izan dira juglare independenteak, udalen danbolin-joleak, ttunttun-jole baztertuak, dantza-maisuak eta musikari profesionalak. Denek partekatu dute hats eta nahikari bera eta, mendeetan, gizartearen eraginez eta sinbolismoz beteriko  unibertso bat eratu dute. Zalantzarik gabe, unibertso hori interesgarria da guretzat.

Txistulari Bandaren udazkeneko denboraldiaren kontzertu gehiago

Azaroak 17, astelehena, 20:00etan

Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan kontzertua eskainiko dute. Sarrera doakoa  edukiera bete arte. Txistulari bandak interpretazioaren arloan duen kalitatea frogatuko du, era askotako doinuez osatutako errepertorio zabal eta anitzaren bidez.

Abenduak 20, larunbata, 20:00etan Gabonetako kontzertua

Gonbidatua: Bilboko Koral Elkartearen Euskeria korua. Euskalduna Jauregiko A1 Aretoa. Sarrera doakoa  edukiera bete arte. Urko Sangroniz-en zuzendaritzapean, 1985ean sortutako Bilboko Koral Elkartearen ahozko talde horrek zubi-lana egiten du Haur Koruaren eta Helduen Koruaren artean. Denboraldi osoko kontzerturik hunkigarri eta familiarrenetakoa izango da. Urtea zapore onaz amaitu eta 2015a musikarik onena eskaintzen jarraitzeko indarberrituta hasteko modurik egokiena.