Joan den martxoan, hilabete osoan, hego Euskal Herriko hezigunetan mobilizazioak egin eta 20.000 ikasletik gora irten zinen kalera hilabete horren amaieran deitu zuten greba egunean. Orduan egin zituzten eskaerak argiak ziren: “EU2015 unibertsitate estrategiari, LOMCEri eta EAJren Heziberriri ezezkoa ematea eta bide batez, interes merkantilistak atzera utzita, herritik eta herriarentzako hezkuntza propioa eraikitzeko konpromisoa hartzea”.
Unibertsitateko estrategia “Bolognia famatuaren” jarraipena dela adierazi dute. Era berean, EHUko berrantolatze organizatiboaren lehen fasea “isilpean” datorren azaroaren 27an onartuko dela adierazi dute; ikasle ordezkaritzaren presentzia “testimoniala” dela salatuz.
Egoera honen aurrean, ikasleek, hitza emango dien trantsizio mahai bat eratzea exijitzen diote EHUko errektoretzari: “Ikasleriak horrenbeste aldiz eginiko eskaerei erantzuteko: EU2015 estrategia ez aplikatu, ikas eta hizkuntza eskubide duinak lortu, eta herritik eta herriaren beharrei erantzuteko hezkuntza egituratzeko”.
“Ikasleon hitza aintzat izateko, behartu egin beharko ditugu eta kaleak eta heziguneak dira gelditzen zaizkigun borrokarako esparru eraginkorrenak”, adierazi dute Ikasle Abertzaleakeko kideek. Hori dela eta, azaroaren 27an Leioako Campusean egingo den manifestaziorako deia luzatu dute, ikasleriari bertan parte hartzera animatuz.
Era berean, ez dute dagoeneko LOMCE inposasatzen daudela ahazterik nahi izan: “Horregatik, ikastetxe eta Lanbide Heziketetan desobedientzia astea izango da azaroaren 24tik 28ra”.
Desobedientzia, iraunkorra izan behar dela azpimarratu dute: “LOMCE ez aplikatu eta herritik eta herriarentzako hezkuntza eraiki arte. Inposaketa hauen aurkako aldarria, hauen aurkako desobedientzia eraikitzailea izatera igaro behar da, lehenbailehen”.