Korrika 19

Korrika 19: "Ahalmen metaketarekin euskaldunduko dugu Euskal Herria"

uriola.eus 2014ko aza. 6a, 12:15

Euskaren Herria izatera iristeko "euskahaldundu gaitezen". Dei horixe zabaldu du AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mujikak. Euskal herritar guztiak euskaraz bizitzea "posible dela" azpimarratu du Mujikak. Erronka "global" hori lortzeko prest agertu dira AEK eta Korrika, baita "finantziazio publikoaren gabeziak samurtzeko" ere.   

2015eko martxoaren 19an hasiko da Urepelen Korrika 19 eta hamar gau eta hamaika egun geroago, "2.100 kilometro baino gehiago egi ondoren" -kilometro kopurua zehatz ez da ezagutzen- eta Euskal Herriko bazter guztietan ibili eta gero, Bilbon amaituko da martxoaren 29an. Bilbo hautatu du AEK-k helmuga bezala 19. Korrikan. Txandatu egiten dira hiriburuak eta "oraingo honetan Bilboren txanda zen", adierazi du Korrikako arduradun berriak, Asier Amondok.

Amandok hartu dio lekukoa Korrikako zuzendaritzan Edurne Brouardi eta bera izan da, Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzailearekin batera, gaurko agerraldian "ahalmen metaketarako" mezua zabaldu duena. Norbanako, talde eta administrazioen arteko metaketa beharrezkotzat jo dute euskararen ikasketa eta erabilera bermatzeko. "Hau guztia norbanakook auzolanean zein erakundeekin egin behar dugu. Dakienak erabiltzeko eta ez dakienak ikasteko ahala izan behar du; ikasteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko ahala izan behar dugu; euskaltegiak ikaslez betetzeko ahala, euskal kultura hedatzeko eta euskal hedabideak aupatzeko ahala izan behar dugu; euskara taldeak laguntzeko eta euskalgintza babesteko ahala ere. Horretan eskahaldun izan eta euskahaldunduko baikara".

Testuingurua ezkorra izan arren, Korrikak "euskararen aldeko ilusioa pizten du" oraindik orain. Baikorra da Amondo kilometroen salmentari dagokionean, Korrikaren azken edizioetan "bertsuak" izan baitira kilometro erosketak.

Mezua: Euskahaldun!

Euskahalduna "euskaldun edo euskalduntzen ari den pertsona" da, "bere ibilbide indibidualean nahiz ekimen kolektiboaren bitartez euskararen alde jarduteko ahalmena bere egiten duena".

Korrikako arduradun Asier Amandok adierazi duenez "nahia ahala da", eta AEKren nahia da "euskaraz biziko den herria, euskalakariz osatutako herria" lortzea. Horretarako "nire, zure, haren ahalegin pertsonalak" batzea funtsezkoa da Amondoren esanetan, "auzolanean", ahalmena "biderkatzeko".

Omendua: Durangoko Azoka

2015ean 50 urte beteko dituen azokaren bidea saritu nahi du AEK-k. Une "makurretan" sortutakoa, "etengabe haziz" joan den ekimena izan da, harik eta "euskaraz egindako kulturaren erakusleiho garrantzitsuena" izateraino. Euskal kulturaren "bilgune dela ezin uka genezake", Asier Amondoren hitzetan.

Sarean

Korrikaren gaineko informazio osatua eta berritua emango du abenduaren 3ra arte www.korrika.org helbideak. Besteak beste, Korrikan parte hartzeko moduak azaltzen ditu web guneak. Abenduaren 3tik aurrera, berriz, www.korrika.eus helbideak hartuko dio lekukoa. Sare sozialak ere martxan dira gaurtik eta gune horietan ikusgai dago jada spota, Korrikaren mezua "ederto" laburbiltzen duen bideoa.

Aurrerago emango ditu ezagutzera AEK-ko lantaldeak Korrika Kulturalaren edota abestiaren xehetasunak. Prentsaurrean galdetu arren, Asier Amondok ez du publiko egin lekuko barruko mezua nork idatzi duen ez mezuaren edukia. Hori "sekretua" da eta "azken unera arte ez da jakingo". Ezezaguna den bezala Korrikan parte hartuko duen jende kopurua. Herri eta auzoetako laguntzaileak eta bide bazterretan egoten diren pertsonak "zifretara eramatea ezinezkoa" delako.