Bilboko Musika Bandak azken 20 urteotako doinuak eskainiko ditu Iker Sanchezen batutapean

uriola.eus 2014ko aza. 6a, 09:20

Emanaldia igandean, azaroak 9, izango da, 12:00etan Euskalduna Jauregiko Auditorioan. Antolatutako programa Mackey, Ellerby, Ticheli eta Whitacre-ren lanek osatzen dute.

Iker Sanchezek Bilboko Musika Banda zuzenduko du berriz ere Euskalduna Jauregian, igandean, azaroak9. Honen batutapean, Bilboko musika taldea osatzen duten 40tik gora musikariek oso programa garaikidea taularatuko dute, azken 20 urteotan sortutako doinuen bitartez. Sarrera 2 eurotan izango da eta jauregiko txarteldegian jaso daitezke kontzertuaren egunera arte, BBKko kutxazainetan eta www.euskalduna.net webgunean. Lehenengo aldiz denboraldi honetan, sarrera numeratuak egongo dira.

2014ko udazkeneko denboraldiko hirugarren kontzertuan, Bandak bere kalitate interpretatiboa eta moldakortasuna frogatuko ditu berriz ere, John Mackey (1973), Martin Ellerby (1957), Frank Ticheli (1958) eta Eric Whitacre (1970) musikagileen lanak eskainiz. Kontzertua gaur egungo pieza musikalei zuzendutako omenaldia izango da.

Programak bi konposizio labur, `Redline Tango ́ eta `Blue Shades ́, eta iraupen luzeagoko beste pieza bi bildu ditu. Kontzertuaren lehen zatia amaitzeko, `Paris Sketches ́, eskainiko da, Ellerby musikagile ingelesaren lanik ezagunenetako bat. Honen hitzetan, "lan hau bihotz-bihotzez maite dudan hiriari egindako omenaldia da, eta mugimendu bakoitzak Frantziako hiriburuko zenbait auzo eta bertan bizi izan ziren Ravel bezalako hainbat konpositore omentzen ditu.

Eric Whitacre musikagile, zuzendari eta irakasle estatubatuarraren `Ghost train´ lan osoak amaiera bikaina emango dio igandeko kontzertuari. Whitacre Nevada jaio zen duela 44 urte, eta harmoniak eta disonantzia argitsuak tartekatzen dituen estilo pertsonalagatik nabarmentzeaz gain, konpositorerik ospetsuenetakoa eta interpretatuenetakoa bilakatu da.

Publikoak gaur egungo musika klasiko onaz gozatzeko aukera izango du Bandaren eskutik, Iker Sanchezen batutapean. Irunen jaio zen 1976an eta Bilboko Musika Bandaren ohiko zuzendari gonbidatuetako bat da. Nahiz eta gaztea izan, Bartzelonako eta Kataluniako Orkestra Nazionala, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Casa da Musica Oportoko Sinfonikoa, Tenerifekoa, Asturiasko Printzerrikoa, Gasteizko Ganbera Orkestra eta Donostiakoa zuzendu ditu, beste batzuen artean. Gaur egungo sormen-lan ugari estreinatu ditu, opera bat eta orkestrako eta talde instrumentaletarako egindako hainbat lan.

Egitaraua

1. Zatia

John Mackey (1973) `Redline Tango ́

Martin Ellerby (1957) `Paris Sketches ́

1. Saint-Germain-des-Prés

2. Pigalle

3. Père Lachaise

4. Les Halles

2. Zatia

Frank Ticheli (1958) `Blue Shades ́

Eric Whitacre (1970) `Ghost Train ́

1. The legend of the Ghost Train

2. At the station

3. The motive revolution