Segurtasun Sailak jakitera eman duenez erasotzailea eta emakumeak lau hilabete zeramaten elkarrekin bizitzen eta denbora tarte horretan hirutan bortxatu du; gainera, heriotza mehatxuak egin dizkio.
Emakumea duela lau hilabete heldu zen Bilbora; bere senarra erasotzailearen dendan lan egitekoa zen. Bere familiak erasotzailearekin konpartitzen zuen etxea eta denbora tarte honetan hirutan bortxatu eta zerbait esatekotan bera eta bere familia hilko zituela mehatxatu zuen.
Asteleheneko erasoa eta gero, emakumeak salaketa jarri eta hiru ordu geroago, erasotzailea aurkitu eta atxilotu zuen Ertzaintzak.
Elkarretaratzea Arriagan Gasteizko hilketa gaitsezteko
Astelehen arratsaldean 42 urteko emakume bat hilik aurkitu zuten bere etxebizitzan, Gasteizen. Indarkeria zantzuak zituen eta bere bikotekide ohia atxilotu zuten heriotzarekin zerikusia izan zezakeelakoan. Oraindik ez dute esan bikotekideak hil duen hala ez, baina Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak argi ikusten du kasu honen atzean indarkeria matxista dagoela. Gauzak horrela, elkarretaratzeak deitu dituzte gaur arratsaldean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Bilboko mobilizazioa 19:30ean izango da Arriagako plazan, Gasteizkoa 20:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan; Donostikoa 19:30ean Bulebarrean eta Iruñeakoa 20:00etan, Udaletxe plazan.