‘Malutak’ proiektu berria aurkeztu du Siroka taldeak

uriola.eus 2014ko aza. 7a, 08:40

Bost urte pasa dira Siroka taldeak bere lehenengo diskoa atera zuenetik. Lehenengo disko horretatik garrantzia handia eman diote taldekideek sortzaileen arteko elkarlanari eta hasieratik bai letra, diseinu zein musikarako lagunetaz inguratu dira beraien hiru diskoetan. Oraingo honetan Siroka taldeak diskoaren eskema horretatik kanpo kokatzea erabaki du.

Neguko lehen elurteetan legezz, egun eguzkitsuetan noizbehinka erortzen diren malutak legez, eroriko dira hemendik aurrera Sirokaren kantu berriak. Baina ez dira edonola eroriko. Single bakoitza bideoklip berri batetaz jantzita etorriko da, bideosortzaile anitzen ikuspuntua eta estiloa islatuz eta era horretan maluta bakoitzari izaera berezi eta aberasgarria emanez.

Siroka taldeak bideo sortzaileetaz inguratzea erabaki du oraingo honetan. Sei kantu eta bideoklip berriez eta "sorpresatxoren batetaz" osatuko den proiektu honek ez dauka amaiera data zehatzik, beraz zaleek pazientziaz itxaron beharko dute kanta bakoitzaren etorrera.

Hasteko ‘Malutak’ proiektuko lehen kanta eta klipa aurkeztu du taldeak. Azala du izena eta Diecinueve84 taldeko Goizeder Saez de Lafuente eta Nikola Hurtadok sortu dute bideoklipa, Aiala Etxegarai aktore eta dantzariaren laguntzaz. Kantu hau Kaki Arkarazoren gidaritzapean grabatua izan da Andoaingo Garate estudioan. Letrarako, oraingo honetan ez dute kanpo laguntzarik behar izan, Maria Rivero beraren eskutik dator eta.

Kanta berriak aurretik egin dituzten kantetatik aldentzen dira estilo eta helburu aldetik, "bide berriak esperimentatuz" jardun dute, taldearen esentzia galdu barik.

Proiekturako argazkiak BideBideo egitasmoko Haritz Petralandarenak dira.

http://taupaka.com/wordpress/wp-content/uploads/2014/11/makurtuak.jpg