"Gazteok mugitzen ari garela uste dugu", diote Gazte Kontseilutik. "Badakigu gazte batzuentzat zaila izan daitekeela gai hauen gainean hitz egitea, baina ikuspuntu gazte, berritzaile eta anitzetik egingo dugu; mota guztietako gazteekin".
Asteon antolatutako ekimenei hasiera emateko "irrikitan" daude kontseilukideak eta hori dela eta ekintzei "ahalik eta zabalpen handiena" ematen ahaleginduko dira.
Bilbon, gaur (azaroak 11) ‘Gazteak biolentziaren aurrean: bizikidetza sustatuz’ izeneko formakuntza saio bat prestatu dute, eta "batik bat" ostiralean (azaroak 14) iritsiko da ekintza "bereziena", Bake Ibilbidea deitu diotena -izena emateko epea oraindik irekita dago-, gazteen arteko topaketa, alegia.
18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduriko saioak doakoak dira eta aurretiaz Euskadiko Gazte Kontseiluan izena eman behar dago horietan parte hartzeko.
Gazteak biolentziaren aurrean
EGK-k ‘Gazteak biolentziaren aurrean: bizikidetza sustatuz’ saio formatiboa prestatu du Bakeola eta Gernika Gogoratuzen eskutik. Honekin hausnarketa dinamika bat sustatu nahi da Euskadiko errealitate ezberdineko gazteen artean, galdera hauek eta beste batzuek aditzera ematen digutena elkarbanatu nahi da.
Hitzordua: Bilboko EGKn (Autonomia kalea): azaroak 11 (asteartea), 16.00etatik 20.30etara.
Izena emateko: 945 22 0601 edota bakea@egk.org
Bake Ibilbideak
EGKren Bake Ibilbideak ekimenak euskal hiriburu bakoitzera bizi diren denboraren hiru ardatzak eraman nahi ditu: iragana, oraina eta etorkizuna. Hiru “txoko” hauek ibilbide baten bidez lotzen dira eta bidean gaudela elkarrizketarako tartea izango da eta unearen sinbolismoaren bat datorren hainbat ekintza ere egingo dira. Giroa lasaian eta erosoan bukatzeko, pintxo potean amaituko dute saioa.
Bilboko Bake Ibilbidea: azaroak 14 (ostirala), 16.00etatik 20.30etara.
Izena emateko: 945 22 0601 edota bakea@egk.org
Atzetik datorrena
Gazteriaren Kontseiluak hainbat lan-arlo ditu eta "azken garaian" Bake eta Bizikidetzarena protagonismo handia hartzen ari den atala da, besteak beste, joan den urrian Ipar Irlandako Gazte Kontseiluarekin elkartu dira etorkizunean proiektuak elkarrekin egiteko edota Itsaso Andueza kontseiluko lehendakaria Bake Plangintza Kontsulta Batzordearen presidentea izendatu dute.