Bilboko EH Bilduk hiria ulertzeko eta antolatzeko estrategikoak deritzon arloetan sakontzeko hiru ariketa parte hartzaile egingo ditugu datozen hilabeteetan. Hiru ardatzen inguruan egingo dugu bereziki indar: herritar guztientzako hiri ereduan, herritarrak helburu izango dituen politika eta eredu sozial eta ekonomikoan, eta euskara eta euskal kulturaren bidez denei tokia egingo dien Bilbo batean.
Azken horretatik hasita, mahai-inguru bat egingo dugu heldu den asteartean, azaroaren 11n, Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan. Euskalduntasun urbanoaren bila. Euskalduntasuna Bilbon, noranzko berriak izango da titulua, eta Txerra Rodriguez soziolinguistak eta Imanol Galfarsoro pentsalari eta ikerlariak parte hartuko dute.
Lehenak euskalgintza eta hizkuntza politikaren eredu ezberdinak aurkeztu eta zalantzan jarriko dizkigu Bilboko errealitatean hiriaren eta hizkuntza komunitatearen prospekzio ariketa bat burutzeko.
Bigarrenak berriz multikulturalismoaren diskurtsoa bera jarriko digu zalantzan, subordinazioa eta hegemonia bezalako kontzeptuak baliatuz elkarbizitza eta demokrazia birpentsatzeko.
Alba Fatuarte izango dugu bi ekintzaile eta pentsalarion moderatzaile lanetan.
Gonbidatuta zaudete.