Ekimena bi jardunaldik osatuko dute: World Kafea, 100 lagun inguruk (arlo desberdinetako gizonak eta emakumeak, gure gizarteko ordezkaritza txikia islatzen dutenak), gai horiei buruz hitz egin eta eztabaidatuko dute; ondoren, Arte Ekintza egongo da: herritarrekin solasean aritzeko ekintza dugu, eta bertan 15 artista gaztek kalera aterako dituzte hausnarketa horiek, indarkeria sexistaren adierazpiderik gabeko gizarte askea aldarrikatzeko.
Hizkuntza, aldaketarako tresna
Ekimenaren bidez, hizkuntzaren –bai ahozkoan zein idatzizkoan, baita artistikoan ere- erabilera sexistaz hausnartzera gonbidatzen gaituzte, eta horretarako, adibide arruntak baina sexistak erakutsi dizkigute, gure kultura tradizionalean ondo erroturik dauden adibideak. Jaun eta jabe da horietako bat. Horrekin, nabarmendu nahi da hizkuntza garrantzitsua dela desberdintasunean oinarritutako eredu sozialen transmisioan eta adierazpenetan, baina garrantzitsua dela baita aldaketarako eta gizartearen eraldaketarako tresna moduan ere. ‘Andre eta jabe’ ekimenaren bidez, emakumeak “izendatuak izateko” eskubidea aldarrikatzen dute, hizkuntzak gizartean dagokien kokalekua aitortu diezaien, eskubideen titular gisa, baita beren erabakiak hartzeko gaitasuna ere.
Hausnarketarako eta eztabaidarako mahaiak, gaika antolatuta
Lehenengo jarduera gaur izango da, azaroak 12, EHUko Bilboko egoitzako paraninfoan, 18:00etan. Eztabaidarako espazioa jarriko dute, word cafe formatuan, mahaiak gaika antolatuta. Mahaiotan eragile sozialek hainbat gairi buruz eztabaidatuko dute: Emakumeen Elkartegintza, Kirola, Politika, Asia eta Hezkuntza, Lana, Artea eta Kultura, Komunikazioa eta Sare Sozialak eta Maskulinitateak.
Beste batzuen artean, hauek hartuko dute parte: EITB, Onda Vasca, Radio Bilbao, Deia, El Correo eta BERTON komunikabideetako profesionalak; CEAR Euskadi eta emakume kirolari batzuk: Naia Alzola (txirrindulari profesionala), Ostaiska Egia, Eibar futbol-taldeko medikua eta Natalia Folgado, igeriketan ibilia eta Igeriketako Euskal Federazioko kidea, euren ibilbideetan izan dituzten trabak eta zailtasunak zeintzuk izan diren adierazteko, Berdintasunaren alde egin duten gizonezkoak ere izango ditugu, Piper Txuriak, Faktoria Lila, AHIGE eta Gizonduz elkarteetakoak esaterako; emakume ekintzaileak, Enpresaburuen Elkarteko kideak eta zenbait sindikatuetako ordezkari, batera egongo dira denak Lanaren gaia jorratuko den mahaian. Zenbait ikastetxetako eta gazteguneetako neska-mutilek harremanak bizitzeko moduak eta gazteen aisia jorratuko dituzte.
Arte eszenikoen, musikaren, eskulturaren eta literaturaren arloko emakumeak ere, guztiak ere feminismoarekiko konpromisodunak, jarriko dira mahaiaren bueltan, baita zenbait taldetakoak ere –feministak, lankidetzaren, dibertsitate funtzionalaren, dibertsitate sexualaren arloan dihardutenak-. Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak ere bertaratuko dira.
Mahai bakoitzean pertsona aditu bat egongo da, jendea parte hartzera gonbidatzeko, eta Arte Ederretako Fakultateko sortzaileak ere bilduko dira indarkeria sexistaz hitz egiteko eta lan artistikorako inspirazioa hartzeko, Graffic Recordingen bidez; lan hori Arte Ekintzan erakutsiko dute gero.
Azaroaren 22an, Arte Ekintza: adierazpen artistikorako eta aldarrikatzailerako mihiseak
Arte Ederretako ikasleak arte arloko jarduera egingo dute kalean. Herritarren aurrean, 12 neskak eta 3 mutilek indarkeria matxista gaitzesten dutela adieraziko dute; horretarako, emakume-silueta zurien gainean, World Kafean jasotako ondorioak adierazten saiatuko dira. Ekintza Emakumeen Azaroaren 25eko Plazan gauzatuko da (Bailen 1 parean), 11:30etik 14:30era arte. Aldi berean, azaroaren 25ean Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguneko ekitaldi instituzionala izango da. Honako honetan, Bilbon indarkeria sexistarik gabeko berdintasunezko gizarte askean bizitzeko guztiok dugun eskubidea aldarrikatzeko jardueran parte hartu duten pertsonei eta artistei emango zaie hitza.
‘Mujeres por la Ciudad’: erreferentzia ‘Andre eta jabe’ kanpainarako
Latinoamerikako zenbait hiritan -Bogotán, Talcan Medellinen, Rosarion eta Montevideon- egindako “Mujeres por la ciudad” ekimenean oinarrituta dago ANDRE TA JABE kanpaina eta emakumeen aurkako indarkeriazko inolako adierazpideetatik aske den berdintasunezko gizartean bizitzeko eskubidea aldarrikatzen du. Haren bidez, hirietako segurtasun eza eta segurtasun ezaren ondorioz emakumeek euren bizi-proiektuak gauzatzeko dituzten zailtasunak salatu nahi izan dute.
`Beldur Barik!´: eraldaketarako konpromisoa eta jarrera
Honetaz guztiaz gain, Bilboko Udala, ‘Andre eta jabe’ udal ekintzarekin, Beldur Barik!-en edizio berriari atxikitzen zaio, gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin urtero antolatzen den programari, alegia. 2009an sortu zen berdintasunaren aldeko euskal udalherrien Berdinsarea sarearen barruan. Emakundek antolatzen du eta hiru Foru Aldundien zein Eudel-en babesa du, baita beste erakunde batzuen laguntza ere: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta EITB.