Muse taldea BBK Live jaialdiaren lehe kartelburua

uriola.eus 2014ko aza. 11a, 11:39

2015ean estatuko jaialdietan eskainiko duten emanaldi bakarra izango da. Une honetan taldea estudioko zazpigarren diskoa grabatzen ari da Robert John ‘Mutt’ Lang AC/DCren `Back In Black´ lan ospetsuaren produktorearekin.

Muse talde britainiarra, mundu osoko talde txalotuenetako bat, Bilbao BBK Live 2015 jaialdian izango da, eta datorren urtean estatuko jaialdietan eskainiko duen emanaldi bakarra izango da Bilbokoa. Energiaz betetako zuzenekoak eskaini eta generoak nahasteagatik da taldea ospetsua, tartean space rock, rock progresiboa, sinfonikoa, alternatiboa eta elektronika bezalako generoak uztartzeagatik, hain zuzen; ibilbide osoan zehar 20 milioi disko baino gehiago saldu ditu Musek, eta lortutako sarien zerrenda bukaezina da: bost MTV Europe Music Awards sari, sei Q Awards, sei NME Awards, bi Brit Awards, 4 Kerrang! Awards, American Music Award bat eta Grammy sari bat rock album onenari, The Resistance (2009) lanagatik, besteak beste.

Muse taldearen aurreko bira 2012ko urrian hasi zen, eta bi milioi zale baino gehiagoren aurrean jo zuten mundu osoan zehar. Urriaren 3tik, berriz, taldea buru-belarri lanean ari da estudioko zazpigarren diskoa grabatzen, AC/DC bandaren 1980ko Back In Black lan ospetsuaren produktore izandako Robert John ‘Mutt’ Langekin batera.

Devon konderriko Teignmouth herrian (Ingalaterra) sortu zuten taldea 1994. urtean, eta Matthew Bellamy (ahotsa, gitarra, pianoa, teklatuak), Christopher Wolstenholme (baxua, koruak, teklatuak) eta Dominic Howard (bateria, perkusioa, sintetizadoreak) dira taldekideak; hiruak haurtzaroko lagunak dira.

Datorren Bilbao BBK Live 2015eko uztailaren 9tik 11ra bitartean egingo da, eta, dagoeneko, eskuragarri dago hiru eguneko bonuaren eskaintza, 90 euroko prezioan gehi beste 6 euro izapidetze-gastuengatik; eskaintza hori hilaren 14ko (ostirala) goizeko bederatzietara arte egongo da indarrean. Kobetamendiko kanpatze-eremura sartu gura dutenek 8 euro gehiago ordaindu beharko dute. Kutxabank txartelen titularrak diren bezeroek 15 euroko deskontua izango dute Kutxabank sarearen bitartez saldutako lehenengo 500 bonuen gainean (txartel bakoitzeko bonu bakarra erosi ahal izango da). Finantza-erakunde horretako bezeroentzako sustapen hori gaur 16:00etan aktibatuko da.