We Are Standard eta Las Tea Partyk irekiko dute ‘Conversaciones con Sostenido’ zikloa

uriola.eus 2014ko aza. 11a, 13:00

Estreinaldia, bihar, azaroak 12, izango da, 19:00etatik aurrera, Bilborocken. Topaketa hauetan artistak eta gazteak  aurrez aurre egoten dira musika-arloko esperientziak trukatzeko.

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak abian jarri du ‘Conversaciones con Sostenido’ zikloa, kontzertuez harago musikan interesatuta dauden gazteentzako programa.

We are Standard eta Las Tea Party dira zikloari hasiera emango dioten taldeak; bihar, 19:00etatik 21:00etara. Bilborocken izango dira musikari horiek musikaren egungo eszena aztertzeko eta  Electroindie estiloaren berezitasunetan sakontzeko.

Ziklo honetan, zortzi hilabetetan, Euskal Herriko musikaren eszenatokian erreferenteak diren hainbat musikari bilduko dira, haien eskutik haien esperientzien eta musikaz duten ikusmoldearen berri edukitzeko topaketetara joaten diren gazteek. Aurrez aurre egongo dira artistak eta gazteak eta musikaz hitz egiteko eta esperientziak trukatzeko aukera izango dute, horixe baita programaren helburua.

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak ziklo honen bidez urrats bat aurrerago eraman nahi du Bilborock aretoa. Bilborocken eszenatokian ezagunak diren musikariak ez ezik, musikari berriak, hasten ari direnak eta musikazaleak ere egongo dira. Bilborock musikaz blai egongo den topalekua izango da, modu atseginean eta hurbilean elkarrekin egoteko eta formatu guztietako musikaz gozatzeko lekua.

‘Conversaciones con Sostenido’ zikloko saioetan musika-estilo bereko profesional bat eta amateur bat egongo dira, txanponaren alde biak aurrez aurre edukitzeko. Formatu honen bidez euskal panoramako izenik handieneko taldeak erakarri nahi dira eta Bilborock aretoari formatu berri honen bidez musikaren munduan prestigioa eman.  Hilabete bakoitzeko bigarren asteazkenetan izango dira saioak, 19:00etatik 21:00etara.