Scott Fitzgerald lehendabiziko aldiz euskarara ekarriz, Garazi Arrula eta Iñigo Roque itzultzaileek haren bizitza eta ibilbide literarioa laburbiltzen duen Plazeraren gau ilunekoak izenburuko ipuin antologia mardula prestatu dute, idazlearen erreferentziazko hamaika kontakizunek osatua. Gai, estilo eta luzera ezberdineko istorioak bildu dituzte, autorearen ipuingintzarako gaitasun paregabearen erakusgarri: errealistak zein fantastikoagoak (esaterako, “Benjamin Buttonen kasu bitxia” ospetsua), sakontasun handiagokoak nahiz azalezkoagoak, dramatikoak edo umore ukitu nabarmenekoak...
Lehen atal gisa, antologiak itzultzaileek beraiek idatzitako hitzaurre laburra dakar, non jatorrizko kontakizunen inguruko informazioaz gain, ipuinak banan-banan aurkezten dituzten, gehienetan horien argumentua eta alderdi nabarmenen bat aipatuz. Ez dakit, fikziozko obra batez ari garela, liburu hasieran halako azalpenek, kasu honetan bezain laburrak badira ere, aldez aurretik irakurleon interpretazioa mugatzen edo baldintzatzen duten neurrian, zenbateraino diren obraren mesederako eta zenbateraino gure irakurketaren kalterako. Edozein modutan, norberaren esku dago hitzaurrea bazterturik zuzenean ipuinetara jotzea, edo hura amaierarako uztea.
Kontakizunak 20ko eta 30eko hamarkadetan idatziak direla kontuan izanik, horien aurrean irakurleok hiru jarrera nagusi har ditzakegu. Lehen aukera egun autofikzio deitzen dugun baliabideari tira egitean datza, irakurketa zinez interesgarri bati bidea emanez; izan ere, Scott Fitzgeralden biografian apur bat sakonduz gero, berehala ohartuko gara ipuinok, neurri handi batean, idazlearen bizitzaren isla direla edo, hobeto esanda, horietan kutsu autobiografikoa agerikoa dela.
Irakurleok eskura dugun bigarren aukera istorioei gaur egungo ikuspegi eta balioetatik heltzea da. Halere, espero izatekoa den moduan, ipuin batzuek idatziak izan ziren garaian bezain ondo ez funtzionatzeko arrisku nabarmena dute, pertsonaien jokaerari edo ekintzari berari zaharkitu xamarra irizteagatik agian, edo, orduko transgresioetan oinarrituta egonda, tramak irakurleok asaldatzeko gaitasuna galdu duelako. Beste kontakizun batzuek, ordea, interpretazio edo irakurketa kritiko berria bideratzen dute; hori da, adibidez, “Beniceren ile motza” izeneko ipuinaren kasua. Izan ere, istorioak oro har genero-ikuspegitik aztertzeko oso egokiak direla iruditzen zait.
Ziurrenik irakurketarik emankorrena garai hartako irakurleen lekuan jartzeko, hau da, orduan indarrean zeuden gizarte-arauak onartzeko ahalegina eskatzen diguna izan daiteke. Scott Fitzgeralden obra, klasiko gisa dagokion bezala, sortu zen testuinguru historikoari estu lotzen bazaio ere, aldi berean hura aise gainditzen baitu. Idazlearen literatura moldeak ia duela mende bat argitaratutakoa inolako oztoporik gabe ulertzeko erreferentzia nahiko eskaintzen ditu, alegia.
Antologian protagonismo berezia bereganatzen duten zenbait gai antzeman daitezke, ipuin batetik bestera errepikatzen direnak. Alde batetik, emakumeak daude; protagonistak gizonezkoak direnean ere, argumentua emakume baten inguruan antolatzen baita. Bestalde, Scott Fitzgeraldek goi mailako gizartearen deskribapen xehea egiten du, are gehiago, klase apalagoko pertsonaiak agertzen direnean, hauek aberatsekiko kontrastean irudikatzen ditu. Askotan bi osagai hauek bat egiten dute, problematika berean uztartzeraino: goi mailako emakumeen askatasun-nahia, arau zorrotz eta moral estuaren arabera jokatu beharra, kanon estetiko jakin bati atxikitzea...
Hirugarrenik maitasuna dago, orduko adieran gizon egokiaren bilaketan datzana; azken batean, emakumeak erabateko protagonistak diren arren, beren identitatea gizon batekiko zehaztua ageri baita beti. Azkenik, alderdi kritikoa azpimarratu behar da, egileak oharkabean igaro daitekeen modu sotil eta aldi berean zorrotzean, ironiko baina gupidagabean salatzen baititu AEBetako ohitura eta manerak, baita integrismo katolikoa ere (“Absoluzioa” eta “Igerilariak” kontakizunetan, hurrenez hurren, soilik bi adibide aipatzearren).
Zentzu horretan, antologiako azken bi ipuinak denetan ezberdinenak dira. Gainerakoak baino askoz laburragoak izateaz gain, horietan emakumeek eta gizarte-klaseak ez dute inolako garrantzirik. Haatik, gogoeta existentzial eta metaliterarioa uztartzen dituen “Autore baten arratsa” ipuin borobila dela esango nuke.
Esan bezala, kontakizunek 20ko urteetako eguneroko giroa islatzen dute, baina halere bada bakoitzean argumentua, helburu deskribatzaile hutsaz harago, erakargarri bihurtzen duen planteamendu originalik. Aitortu beharra daukat, bestetik, aurreiritziek eraginda ziur aski, deskribapenek itotako narrazio trinkoegia izango zelakoan ekin niola irakurketari, astun xamarra egingo ez ote zitzaidan beldurrez. Egia da pertsonaia, egoeren eta paisaien deskribapena nabardura ugarikoa eta izen eta adjektiboetan ezin aberatsagoa dela. Baina kontaketa, arina izan gabe ere, ez da inondik inora astuna, aitzitik, une oro erritmo atsegina antzeman diot. Elkarrizketa biziek, bestalde, testuaren trinkotasuna hausten laguntzen dute, hitanoaren erabilerak hurbiltasun sentsazioa areagotzearekin batera.
Plazeraren gau ilunekoak ipuin antologiak argi erakusten du Scott Fitzgeraldek bere garaiko goi-klaseetako miseria gordeak hauteman eta horiek agerian uzteko dohain paregabea zuela. Giza izaeraren zirrikituetan arakatu eta horietan barneratzekoa, hain zuzen. Idazlearen ahotsak berezko dotorezia adierazi, eta haren estiloak handitasuna besarkatzen du.