Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBI 56k, Jon Sistiaga euskal kazetariaren La Mara vida azken dokumentala aurkeztuko du gaur, Kale Nagusiko BBK Aretoan, 20:00etatik aurerra. CANAL+ek ekoiztutako filma, banda kriminalen indarkeriak Hondurasen eragindako egoera latzaren kronika zirraragarria da. Egunean 19 hilketa daude. Hori dela eta, gerran ez dagoen mundu osoko herrialderik bortitzena da.
Dokumentala gaur goizean aurkeztu da Bilbon. Bertan egon dira Jon Sistiaga zuzendaria eta Ines Intxausti, ZINEBIko Idazkari Nagusia.
Kazetari gipuzkoarra 2011tik ari da CANAL+-ekin elkarlanean. Telebista kate horretan dokumental bat estreinatzen du hilero, “Jon Sistiaga reportajes Canal+” izenburupean. Horrela, 2014/2015 denboraldia datorren abenduan hasiko da, eta telebistan ikusteko aukera izan aurretik, ZINEBI 56k La Mara Vida lanaren aurre-estreinaldia eskainiko du. Lan horrek, mara izenekoek erabiltzen duten indarkeria nihilista eta izugarria dokumentatzen du. Banda horiek ez dute inolako zalantzarik izaten euren etsaiak zatitzeko edo haien buruak mozteko, euren neurririk gabeko basakeriari buruzko mezua zabaltzeko.
Kazetaritzaren alor horretan egin duen ibilbide luzea dela eta, informazio estaldura hoberenaren Ondas Saria irabazi zuen 2012an, 2011tik Canal+ katean hilero egiten aritu den erreportaiei esker. Aurten bere hurrengo proiektua jarri du martxan, “Witness”, bere istorio hoberenen aukeraketa erakusten duen gunea, film laburrak, dokumentalak, erreportaiak, kanpainak edo eragin biralak. Bere azken erreportaien artean hauek azpimarra daitezke: “Ruanda. ¡Cómo organizar un genocidio”, “La caza al homosexual” eta “En la ciudad del fin del mundo”.