Dantza tradizionalaren ikasle eta zaletuentzat “testu liburu” erabilgarria izateko asmoz, aspaldi Aiko taldeak ekoiztutako lan pedagogiko-didaktikoa da Urraska. Lana Miguel Angel Sagaseta Ariztegi abade musikariak jauziei buruz eta jantza honeen garrantziaz 70eko hamarkadan landu eta 1977an argitaratutako Luzaideko dantzak izenburuko ikerketan oinarritu da.
Nevadako Unibertsitateko Eusko Ikaskuntzen Zentroak argitaratutako lana denez edizioa elebiduna da, euskara-ingelesa, eta hainbat osagai ditu: liburua, 2 CD, DVDa (bideo eta datuekin) eta poltsiko-liburua jauzien urratsekin.
Dantza-eskoletan eta erromerietan ezinbestekoa bihurtu den errepertorioaren atal bat osatzen duten Jauziak edo sauts-basques-ei eskainitako lan monografikoa dugu hau. Agortuta dagoenez, Aiko taldea web bertsio bat osotzen ari da Urraskaren edukiak guztien eskura jartzeko asmoz taldearen web orrialdean.
Dagoeneko honako atal hauek aurki daitezke:
- Partiturak: A4 tamainan eta PDF formatoan.
- Liburua: Aiko taldearen interpretazio-proposamena zehazten da ekarpen teoriko batzuekin + dantzen egitura koreografikoa kontuan hartuz dantzen transkripzio berri bat jauziak hobeto interpretatzeko.
- Bideoak: DVDan dauden, balio dokumental eta etnografiko handia duten dantza jauzien grabaketa zaharrak. Astero-astero bideo bat igotzeko asmoa du taldeak.
- Jauziak markatuta: Miguel Angel Sagasetaren eskutik heldutako jauzi tradizional guztien eta Bralearen grabaketa urratsak markaturiko bertsioan (laster urratsik gabekoa ere etorriko da).
- Urrastegia: guzti honen osagarri, Urrastegia izena duen poltsiko-liburua jauzien pausoekin.