ZINEBIk Ohorezko Mikeldia emango dio Hirokazu Koreeda zinegileari

uriola.eus 2014ko aza. 18a, 13:34

Gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioan, topaketa izango du Bilboko ikus-entzuleekin, eta bertan, zinea ulertzeko duen modua azalduko du.  

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren (ZINEBI) 56. edizioak Hirokazu Koreeda zuzendari eta gidoilari japoniarrari emango dio jaialdiko Ohorezko bigarren Mikeldia, bere filmografiaren originaltasuna, bere filmek inspiratzen duten konpromiso humanista eta egungo zinearen panoraman duen esanahi pertsonala eta garrantzitsua aintzatetsiz. Zinegile ospetsua komunikabideen aurrean egon da gaur goizean, Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak lagunduta.

Sariaren banaketa ekitaldia bihar, asteazkena, izango da, Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioan, Canneseko Jaialdian Epaimahaiaren Saria jaso zuen bere azken film laburra, De tal padre, tal hijo (2013), eman aurretik.

Baina aurretik, gaur arratsaldean bertan, Koreedak, jaialdiak edizio honetan eskaintzen dion zikloa inauguratuko du. Horrela, Agosto sin él film laburra eman ondoren, eta Sin embargo film ertain dokumentala proiektatu aurretik, zinegileak topaketa izango du ikus-entzuleekin, eta zinea ulertzeko duen modua, bere filmak eszenan jartzearen gakoetako batzuk, etikarekin, gizartearekin eta politikarekin erlazionatuta dituen ardurak, zine garaikideaz duen ikuspegia… azalduko ditu. Hori guztia gaur arratsaldean izango da, 20:00etatik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioan.

ZINEBIren 56. edizioak film ziklo bat eskainiko dio zinegile japoniarrari, eta film horien artean bere lehenengo dokumentaletako batzuk egongo dira, Lecciones de una ternera (1991, 47 min.) edo Nihonjin ni naritakatta (Quería ser japonés, 1992, 47 min), espioitza egin izanaren susmagarri izan aurretik Japonian 50 urtez bizi izan zen jatorri korearreko gizon baten bizitza kontatzen duen lana; eta Kare no inai hachigatsu ga (Agosto sin él, 1995, 78 min.), sexu homosexuala izan ondoren HIESaz kutsatu izana aitortu zuen lehenengo hiritar japoniarraren bizitzara eta patura egindako hurbilketa mingarria.

Beste lan batzuk ere proiektatuko dira, Shikashi… Fukushi kirisute no jidainni (Sin embargo, 1991, 47 min.), Japoniako Gizarte Segurantzaren Bulego Nazionalaren burua den eta Minamatako Gaixotasunaren (metilmerkurioaren ondoriozko pozoidura masiboaren ondorioz sortutako arazo neurologikoa) biktimak konpentsatzeko ardura duen goi mailako funtzionarioaren bizitzari eta lanari buruzko ikerketa; edo “Sin memoria” (1996, 84 min.), kirurgia ebakuntza lardatsaren biktima izan ondoren aitak osasun tratamendu egokia eta kalte-ordain ekonomikoa jaso ditzan familia batek aurrera daraman borrokaren testigantza.

Koreeda zinema garaikideko zinemagile ospetsuenetako bat da. Ikusleak erraz antzematen dituen estrategia formal landuetan oinarritutako estiloa lagun, bere dokumental eta fikziozko film guztietan gai jakin batzuk landu ditu beti, eta gai horiek dira bere pentsamendu etiko, sozial eta politiko berezi eta indar dramatiko handikoaren oinarriak. Hori guztia aldez aurretik pentsatutako ideiaren zerbitzura dauden panfleto-diskurtso, manikeismo eta bitarteko demagogikorik gabe. Gauzak horrela, bere obrak edonoizko eta edonongo giza esperientziaren  oinarrizko elementu batzuei buruzko hausnarketa sakon, iradokitzaile eta poetikoak dira (eta horrela ulertzen dituzte nazioarteko ikusleek); hona hemen filmetan lantzen dituen elementu horietako batzuk: familia, banakoen eta kolektiboen memoria, heriotza, dolua eta galera-sentimendua.

Fikziozko lehen filma 1995an egin zuen, Maboroshi no hikari, hain zuzen, eta urrezko Osella irabazi zuen Veneziako urte hartako Nazioarteko Zinemaldian. Gero Wandâfuru raifu (Beste mundua, 1999) filmatu zuen, baita bi sari jaso ere pelikula horrekin: Nanteseko Hiru Kontinenteetako Zinemaldiko sari nagusia, batetik; eta Buenos Airesko Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdiko (BAFICI) sari nagusia, bestetik. Obra hori 30 herrialde baino gehiagotan estreinatu dute eta Estatu Batuetan 200 zinema-aretotan eman zuten aldi berean.

2001ean Distance filma Cannesko Jaialdirako aukeratu zuten, baita Daremo shirinai (Inork ez daki) ere 2004an. Azken film horri esker, Yuya Yagirak gizonezkoen interpretazio onenaren saria irabazi zuen eta, ondorioz, jaialdian sari hori irabazi zuen aktorerik gazteena izan zen. 2006an Hana yori ma naho (Hana) zuzendu zuen, antzinako erara egindako pelikula bat; 2008an Aruitemo, aruitemo (Ibilian ibilian) estreinatu zuen, eta nazioartean arrakasta izugarria izateaz gain, sari ugari jaso zituen Europako eta Asiako hainbat jaialdi garrantzitsutan.

Urte hartan bertan estreinatu zuen, halaber, Daijobu de aruyo ni: Cocco Owaranai Tabi, Cocco musika-taldearen birari buruzko dokumentala. 2009an Kûki ningyô (Air Doll) zuzendu zuen, Yoshiie Goda idazle japoniarraren kontakizun labur batzuetan oinarritutako film paregabe eta berritzailea. Orain dela gutxi bideo musikal bat egin du AKB48 pop-taldearentzat eta hiru zuzendari berriren hiru pelikula ekoiztu ditu; zuzendari horietako bi Miwa Nishikawa eta Yusuke Iseya gazteak dira. 2013an Soshite chichi ni naru (Nolako egurra halako ezpala) zuzendu zuen eta Cannesko Jaialdiko epaimahaiaren saria lortu zuen urte hartan bertan. Pelikula hori familia-harremanei, guraso izatearen esperientziari eta seme-alaben hezkuntzari buruzkoa da.