Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) Ulrike Ottinger zinegile eta dokumentalgile aleman handiaren bisita jasoko du aurtengo edizioan. Saioa bihar, osteguna, izango da Guggenheim Museoaren auditorioan, eta bere azken filma, Unter Schnee (Elurpean), eskainiko da. Emanaldiaren ondoren hitzaldi-solasaldia egongo da zinegilearekin.
Madrilgo Goethe Institutuarekin elkarlanean, Simone de Beauvoir Kolektibo Feministak gurean oso ezaguna ez den zinemagile bat ekarriko du ZINEBI 56ra: Ulrike Ottinger dokumentalgile alemana. Ottinger Constanzan jaio zen 1942an; 1962an Parisera joan zen bizitzera eta han egin zuen lan, artista gisa, 1964ra arte. Laster lortu zuen margolanak Margolari Gazteen Aretoan erakustea; gainera, grabatu-teknikak ikasi zituen eta Sorbonara ere joan zen, Claude Lévi-Strauss, Louis Althusser eta Pierre Bourdieuren etnologiari, artearen historiari eta ikasketa erlijiosoei buruzko hitzaldiak entzutera.
Alemaniara itzuli zenean, 1969an, Visuell Filmclub sortu zuen, eta 1973an bere lehen filma egin zuen: Berlinfieber-Wolf Vostell film laburra. Lehen film luzea, Laocoon & Söhne, 1975ean egin zuen eta Berlinen estreinatu zen. 1978an Madame X-Eine absolute Herrscherin zuzendu eta ekoiztu zuen, ZDF telebista-katearekin elkarlanean; film horren estreinaldiak eztabaida handia eragin zuen. 1979tik 1984ra Berlingo hiriari buruzko trilogia egin zuen, lan hauek osatua: Bildnis einer Trinkerin. Aller jamais retour, Freak Orlando eta Dorian Gray im Spiegel der Boulevardpresse. Film horietan parte hartu zuten, besteak beste, Delphine Seyrig, Eddie Constantine eta Kurt Raab aktoreek eta Peer Raben konpositoreek.
1986an film etnografikoak egiten hasi zen, Asiara egiten zituen bidaiak aprobetxatuta. Lehena, China. Die Künste-der Alltag. Eine Filmische Reisebeschreibung izan zen, eta gero egin zituen Johanna D’Arc of Mongolia (1989), Taiga (1992) eta Exil Shangai (1997). Asiako denboraldi luze horren ondoren, Ottingerrek Europako hego-ekialdean jarri zuen arreta, eta dokumental bat eta fikziozko film bat egin zituen: Südostpassage (2002) eta Zwölf Stühle (2004).
Nazioarteko aintzatespena
Ulrike Ottingerren lanek sari ugari jaso dituzte nazioarteko jaialdietan eta atzera begirako hainbat erakusketa egin dituzte ospe handiko erakundeetan, Parisko Cinémathèque Française Museoan eta New Yorkeko Arte Modernoaren Museoan, adibidez. Antzezpen eta operetan ere aritu da zuzendari-lanetan. Esate baterako, 2000. urtean Elfriede Jelinek Nobel-saridunaren The Farewell estreinatu zuen Berliner Ensemblen. Ottingerren margolanak eta argazkiak leku hauetan egon dira erakusgai: Veneziako Bienalean, Kasseleko Documentan, Berlingo Bienalean, Rotterdameko Witte Museoan, Madrilgo Reina Sofia Museoan, Berlingo Kunst-Werke Museoan eta New Yorkeko Zwirner David galerian.
Gauzak horrela, ZINEBI 56n bere azken filma aurkeztuko du: Under Schnee (2011). Bokushi Suzuki idazleak XIX. mendean idatzitako Elurraren herrialdeko ipuinak obra klasiko japoniarraren eszenaratze bisual eder eta poetikoa da, eta urtearen erdia elurrez estalita egoten den lurralde bateko biztanleen istorioa kontatzen du. Han, denborak, ohitura eta tradizioek, jaiek, jatorduek, abestiek, jolasek eta eguneroko lanek erritmo askoz motelagoa dute. Zuzendariak kabuki antzerki klasikoko aktore garrantzitsuekin eta Yumiko Tanaka musikariarekin lan egin du.