Bilbon ospatuko dira bizkarrezur bifidoaren prebentziorako eta sentsibilizaziorako XV. jardunaldiak

uriola.eus 2014ko aza. 19a, 12:00

Era berean, azaroaren 21ean, Bizkarrezur Bifidoaren Nazioarteko Eguna dela-eta, ASEBIk informazioa emateko mahaiak jarriko ditu 09:00etatik 13:00etara, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean eta Ermuko Anbulatorioan.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak bat egingo du, aurten ere, Bizkarrezur Bifidoaren Nazioarteko Eguneko ekitaldiekin (azaroaren 21ean). Horiek horrela, azaroaren 22an, larunbata, bizkarrezur bifidoaren prebentziorako eta sentsibilizaziorako Euskadiko XV. Jardunaldi Zientifikoak egingo dira, ASEBI Elkarteak antolatuta.

Ekitaldia Alondegiko Bastida Aretoan egingo da, 09:30ean hasita. ASEBI Elkarteko kide eta familiako, erakundeetako, boluntario, ikasle eta gaitzarekin lotura duten pertsonak, denak daude gonbidatuta, baita herritarrak ere.

Jardunaldiotan gaitz kroniko honetako aditu nagusiak egongo dira, baita gaitza duten pertsonak eta euren senideak ere. Horrez gain, mahai-inguruak antolatuko dira, hainbat arlotako aditu –medikuak, erizainak eta psikologoak, besteak beste- eta gaitza duten pertsonekin; gaitzaren laguntza-protokoloetan izandako bilakaera, aukera pertsonalak eta sozialak, eta bizi-kalitate handiagoa eta gizartean benetan integratuta egoteko kontuan hartu beharreko alderdiak  izango dituzte hizpide.

Bestalde, azaroaren 21ean, Bizkarrezur Bifidoaren Nazioarteko Eguna dela-eta, ASEBIk informazioa emateko mahaiak jarriko ditu 09:00etatik 13:00etara Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean eta Ermuko Anbulatorioan, malformazio horri buruzko informazioa emateko eta jendea horretaz jabearazteko; izan ere, munduratzen diren 10.000 umetatik 2 malformazio horrekin jaiotzen dira.

Bizkarrezur bifidoa

Bizkarrezur Bifidoa bizkarrezurreko gabezia da; ornoartea itxi gabe dutela jaiotzen dira, hutsunea edo lesioa dago hor eta horrek kalteak eragiten dizkio nerbio-sistema zentralari. Haurdunaldiko lehenengo 25 egunetan sortzen da, gorputzak ez duelako azido folikoa xurgatzen; horregatik, janariaren kalitateak eragina izan dezakeen arren, beharrezkoak dira beste prebentzio-neurri batzuk.

Ondorioak paralisia –gradu desberdinetakoa- eta zenbait endredo dira. Horrez gain, BB duten umeen % 80k baino gehiagok hidrozefalia du edo hazkundean garatzen du.

Bizkarrezur Bifidoa ez da sendatzen baina tratamendu egokiarekin konplikazio ugari saihestu daitezke eta, horrela, Bizkarrezur Bifidoa eta Hidrozefalia duten pertsonen bizi-kalitatea hobetu.