Santi Brouard 1984ean hil zuten eta Muguruza bost urte geroago, 1989an. Biak ziren Herri Batasunekoak eta parlamentariak, Santi Gasteizen eta Josu Madrilgo kongresuan. Gaurkoan, lore eskaintza egingo zaie Ametzolako parkean eta Errekaldeko plazan.
Urteurren berezi honen aurrean, Ane Muguruzak, Josu Muguruzaren alabak, URIOLAri azaldu zion, aurtengoa urtemuga "bereziagoa" izango dela, "borobila" delako eta “hainbat proiektu” egingo direlako: liburua, dokumentala eta Errekalden antolatu diren zenbait ekimen. Berarentzat zein amarentzat, "polita da" oraindik orain “jendeak ahaztu ez duela ikustea”. “Ilusioa” sentitzen dute ama-alaba santutxuarrek “jendeak Josu Muguruza gogoratu nahi duela” jabetzen direnean.
Beste hainbat ekimen Errekalden
Errekalden, Josuren auzoan, urtero bezala hainbat ekimen antolatu dituzte. Oraingo honetan, urteurrena borobila dela eta, ohi baino gehiago.
Josu Muguruzaren heriotzaren 25. urtemugan, Lander Iruin eta Markel Andiak ‘Zohardia’ izeneko dokumentala estreinatu zuten azaroaren 17an. Bertan, Josu Muguruzaren figura "berreskuratu eta ezagutaraztea" dute helburu eta gaurkoan, Josuren auzoan egingo dute estreinaldia, Errekalden. Hitzordua 19:30ean izango da auzoko Udaltegian.
Bihar, azaroak 21, 19:30ean, Teresa Toda, Elena Bartolome eta Julen Aginakorekin, hitzaldia egongo da Errekaldeko Udaltegian. Eta bukatzeko, larunbatean, azaroak 22, 13:00etan, omenaldi berezia egingo diote auzoko plazan.
[2014/11/17] ‘Zohardia’: Josu Muguruza berreskuratu eta ezagutarazteko dokumentala